https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

50 urte bete ditu 'Errebeldeak' gazte-eleberriak

Susan E. Hinton eta Matt Dillon Francis Ford Coppolaren filmaren grabazioan. / E. C.
Susan E. Hinton eta Matt Dillon Francis Ford Coppolaren filmaren grabazioan. / E. C.

Susan E. Hinton-ek 18 urte zituela argitaratu zen

JOXEME LÓPEZ DE ARANA

Bandokideen arteko borrokak aspaldidanik datoz. Euskal Herrian, adibidez, sonatuak izan ziren oinaztarren eta ganboatarren artekoak Erdi Aroan. Shakespearek kapuletarren eta montagutarren arteko liskarren berri ematen digu 'Romeo eta Julieta' antzezlanean, eta horrela, historian zehar, elkarren ondoan bizi eta elkarren etsai diren talde askoren arteko ezinikusien berri izan dugu, sarri askotan literaturaren bidez.

Hala, II. Mundu Gerraren osteko krisialdiaren eraginez, ugaritu ziren gazte-talde edo banda aurkarien arteko talkak. Halakoen islarik ezagunena 1957an lehen aldiz taularatu zen 'West Side Story' izeneko musikala izan zen, Arthur Laurents-en testua eta Leonard Bernstein-en musika gogoangarria lagun, Jets eta Sharks gazte-taldeen arteko etsaigoa aurkezten diguna. Oso antzekoak dira, hurrenez hurren, 1977an eta 1978an arrakasta handiz estreinatu ziren 'Saturday Night Fever' eta 'Grease' izeneko filmak, John Travolta aktorea famatu zutenak.

Handik urte batzuetara, Tucsa-n (Oklahoma) jaiotako neska gazte batek bere inguruan bizi izandako lehia odoltsuak idatziz kontatzea erabaki zuen, eta 1967rako argia ikusi zuen 'The Outsiders' gazteentzako eleberriak. Egilea Susan Eloise Hinton izan zen; hala ere, berak aitortu zuenez, emakume-izaera S.E. Hinton izen neutroaren atzean ezkutatu nahi izan zuen, liburua mutilen ikuspuntutik idatzia egon eta irakurleen artean aurreiritzirik ez sortzeko. Edonola ere, eleberriak erabateko arrakasta izan zuen. 1983an Francis Ford Coppolak haren gaineko filma egin zuen (besteak beste Matt Dillon eta Tom Cruise gazteekin), 1985ean gaztelaniaz argitaratu zen lehen aldiz 'Rebeldes' izenarekin, eta handik gutxira, 1988an, euskaraz plazaratu zen 'Errebeldeak', Alfaguara&Desclée argitaletxean, Joxemari Iturralderen itzulpenari esker. Liburuok berrargitaratu egin dira, eta bizirik jarraitzen dute egun, zenbait edizio eta bertsiotan, euskarazkoaren kasuan Josemari Navascuesen eskutik, Zubia argitaletxean.

«Emakume izanda, S.E. Hinton izen neutroaren atzean ezkutatu nahi izan zuen, liburua mutilen ikuspuntutik idatzia zegoen eta»

'Errebeldeak' nobelan Greasers eta Socs banden arteko liskarrak kontatzen ditu lehen pertsonan Ponyboy Curtis 14 urteko greaser kideak. Talde bateko kide batek beste taldeko kide bat hil du, hiltzaileak ihes egin du, Ponyboyrekin batera, eta eliza batean ezkutatu dira. Han daudela, eta kanpoko giroa gaiztotuz doan bitartean, Ponyboyk 'Haizearekin joana' Margaret Mitchell-en nobela irakurtzen dio Johnny lagunari, eta poemak errezitatu ere bai. Bere burua entregatzera doala, elizan sute batek ume talde bat harrapatu duela ikusi du Johnnyk, elizan atzera sartu eta umeak askatu ditu, salburik. Johnny larri zauriturik gertatu da, ordea, eta ospitalera eramanda, handik egun batzuetara hil egingo da. Bi banden arteko azken borrokan, berriz, Ponyboyk kaskarreko handi bat hartu du eta hura ere ospitaleratu dute, konortea galduta. Nolabaiteko normaltasunera itzultzen denean, irakasle batek ikasturtea gainditzeko azken aukera ematea erabaki du, baldin eta idazlan bat idazten badu: «Syme jauna, Ponyboy naiz. Erredakzio horrek… zer luzera behar du izan?», galdetu dio telefonoz; «E, zera, ez bost orrialde baino gutxiagokoa», erantzun dio irakasleak. «Luzeagoa ere izan al daiteke?», «Jakina, Ponyboy, nahi duan bezain luzea». Orduan, mutikoak luma hartu eta 'Errebeldeak' eleberria zabaltzen duen esaldia idatzi du, hala zirkulua itxiz: «Zinemako iluntasunetik eguzkiaren argi distiratsura irten nintzenean, bi gauza soilik nuen gogoan: Paul Newman eta etxeratzea…» (lehen ediziotik hartutako aipuak).

Debekatua

Helduentzat deserosoak izan diren haur eta gazteentzako beste liburu askorekin gertatu bezala, 'Errebeldeak' ere debekatu egin zuten garai hartako Ameriketako Estatu Batuetako hainbat ikastetxe eta bibliotekatan, erakusten zuen bortizkeria giroagatik, familia desestrukturatuengatik eta gazteen tabako eta alkohol kontsumoagatik. Gaur egun, ordea, obra kanoniko bihurtu da eta oso irakurria da Bigarren Hezkuntzan.

'Errebeldeak' liburuaren arrakastak bultzaturik, Susan Hintonek 'Rumble Fish', antzeko beste eleberri bat argitaratu zuen, 1975ean, eta hura ere zinemaratu zuen Coppolak, izenburu berarekin. Euskaraz, 'Kaleko legea' izan zen, hura ere Iturraldek euskaratua, 1989an plazaratua. Hango protagonista Rusty James da, 14 urteko beste mutiko bat, misterioz inguratutako anaia nagusia bezalakoa izan nahi duena, 'Motorreko mutila' beste izenik ez duena nobelan, Coppolaren filman Mickey Rourkek jokatutako papera.

Susan Hinton, jakin gabe beharbada, gazteentzat idazteko era berri baten sortzailea izan zen, helduentzako literaturan 'hard boiled' eleberrigintza edo 'dirty realism' ipuingintza izan zirenen parekoa. Hintonek bizpahiru liburu gehiago argitaratu ondoren idazteari utzi zion. Nolabait, banden arteko borrokak Euskal Herriko hiri industrializatuetan ere larrutik ezagutu genituenak (eta euskarazko zenbait narraziotan ere jasotzen direnak), iraganeko kontua bihurtu ziren.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos