https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Urrats ikaragarria Forondako aireportuarentzat

Urrats ikaragarria Forondako aireportuarentzat

Datorren apiralaren 24tik aurrera Foronda 24 orduz zabalik egotera pasako da

UNAI SARRIUGARTE

Datorren apirilaren 24tik aurrera Forondako aireportuak 24 orduz izango ditu zabalik ateak. Albistea ostegun honetan ezagutu da, aireportuko arduradun desberdinek izandako batzar baten ostean. Halaxe helarazi diete Forondako zuzendariek Aenako ordezkari eta aire kontrolatzaileei.

Zazpi urte luze pasatu dira Espainiako gobernuak aireportuari egun osoan irekitzeko debekua eman zionetik. Aenak azken urteotan aireportu txikien baliabideak izugarri mugatu ditu. Hori dela eta, Foronda 120 langiletik 30 izatera pasatu zen eta gaueko ordutegia garraio merkantzietara mugatu zuten.

Bidaiarien kopurua igotzea da aireportuaren erronka garrantzitsuena. Horretarako, oso garrantzitsua izan da Ryanairren itzulera. Konpainia irlandarra 2006. urtean heldu zen Gasteizko aireportura. Horrek urte oparoak ekarri zituen. Baina urte batzuk eta gero, hanka egin zuen.

Harrezkero, krisi galanta somatu du aerodromoak, bidaiarien kopurua nabarmenki jaitsiz. Urte txar horiek gorabehera, aireportuak gorakada itzela bizi izan zuen Ryanairren itzuleraren ondorioz. Gaur egun, Ryanairrek astean bitan egiten ditu hegaldiak lau noranzko ezberdinetara: Bergamora (Italia), Koloniara (Alemania), Sevillara (Espainia), Palmara (Espainia) eta bitan Tenerifera.

Iazko denboraldia 140.000 bidaiarirekin itxi zen. Zifra oso urrun dago 2007. urtean jaso ziren 173.000 bidaiarietatik. Horretarako, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak eskainitako laguntza. Hori dela medio, pasa den urteko udaberrian Iñigo Urkullu lehendakariak Foronda 24 orduz zabaltzeko eskaria egin zuen Bilbon ospatu zen Europako hegazkin konpainien kongresuan. Bertan, sektore honetako 1.200 profesional bildu ziren.

Temas

Euskera