https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Urdaibai Bird Center, ornitologia esparruan aitzindari

Urdaibai Bird Center, ornitologia esparruan aitzindari

Urdaibaiko Biosferaren Erreserban kokatuta dagoen zentroa bertako paduraren behatoki ezin hobea da

UNAI SARRIUGARTE

Urdaibai Bird Center Elaia Elkartearen bitartez sortu zen 2001. urtean. Bere lehenengo proiektuak Urdaibaiko Biosferaren Erreserban eta Urdaibaiko paduretako zenbait lekutan jarritako eraztunketa zientifikorako ahalbidetutako esparruetan burutu ziren. Esparru horietatik, interes handiko zenbait hegazti ikusi ziren inguruan, eta, beraz, hegazti mota horietako bakoitza modu zehatzean jarraitzeko proiektuak sortu ziren.

Era berean, erreserbak aurkezten zuen biodibertsitateak interes bereziko guneak antzematea ekarri zuen, ornitologikoki oso aberatsak baitziren. Hori izan zen Urdaibaiko fenomeno ornitologikorik garrantzitsuenetako baten jarraipen zehatza egiteko abiapuntua: hegaztien migrazioa da aipatutako fenomeno hori.

Lantaldea modu iraunkorrean finkatuz joan zenean, ideia berriak garatzen hasi ziren, eta, horrek «Urdaibai Bird Center» izeneko proiektua sortzea ekarri zuen. Urdaibai Bird Center naturaren museo bizia da, jendaurrera irekita dago hegaztiez eta horien migrazioez gozatzeko aukera eskaintzeko.

Zentroa paduraren behatoki paregabea da eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean kokatuta dago. Bertan, ikerketa eta dibulgazio taldeak bildu eta koordinatzen dira, eta, horrela, bisitariak hegaztiei buruz garatzen diren proiektuen lekuko paregabeak izaten dira.

Bestalde, Urdaibai, Euskal Autonomia Erkidegoko Biosferaren Erreserba bakarra izateaz gaindi, euskal itsasbazterreko espazio babesturik baliotsuena da. Urdaibai, 22 udalerriz osatua dago eta 45.000 biztanle inguru bizi dira bertan. Bere lurraldea Oka errekaren arro hidrografikoari dagokio, eta 220 km2-ko zabalera dauka. Erreserbak eskaintzen duen aberastasun ornitologikoa izugarria da. 250 hegazti-espezie inguru ikus daitezke erreserban. Gainera, UNESCOk Biosferaren Erreserba izendatu zuen 1984 urtean.

Halaber, Urdaibai Bird Centerrek datozen urteetarako helburu konkretu batzuk ditu, eta zentroaren asmoa helburu hauek errealite bihurtzea dira: batetik, hegaztien eta euren habitaten gaineko ezagutzan sakontzea; bigarrenik, bertako hegaztiak eta euren habitat bereziak babesteko eta kontserbatzeko tresnak sortzea.

Bestetik, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako ekosistema bereziak kudeatzeko neurriak sustatzea eta neurri hauek lursailen jabeekin elkarlanean burutzea. Era berean, beste esparru batzuetako ikertzaileak erakarri, Urdaibaiko proiektuen garapenari lagundu diezaioten eta unibertsitate ezberdinekin elkarlanean aritu.

Azkenik, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, natura errespetatuko duen turismo ornitologikoa sustatzea, eta turismo ornitologikoa ahalbidetu edo aberastuko duten azpiegituren edo egokitzapenen garapena bultzatzea.