https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Uraren Jaia ospatuko dute asteburuan, Arrigorriagan

Iazko Uraren Jaia./
Iazko Uraren Jaia.

Etxeko txikiek ondo baino hobeto pasatzeko hainbat jarduera izango dituzte: puzgarrien parke bat, ohe elastikoak, arrantzan egiteko eta txalupekin jolasteko igerileku txiki batzuk...

EL CORREO

Uraren Jaiaren 27. edizioa ospatuko da asteburu honetan, Arrigorriagan. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak antolatzen duen ekitaldi horren bidez, herritarrak (bereziki, gaztetxoenak) kontzientziatzea da asmoa, ekosistema urtarraren biziraupenerako uraren zentzuzko erabilerak eta kutsadura saihesteak daukaten garrantziaren inguruan.

Ekitaldi ludiko hau bi egunetan egingo da lehen aldiz, larunbat arratsaldean eta igande goizean, Bizkaiko udalerriko hainbat tokitan. Eta programatutako 50 jarduera baino gehiagoren artean, lantegi didaktikoetan eta artistikoetan, eta erakusketetan parte hartzeko aukera izango dute Arrigorriagara hurbiltzen direnek. Horrez gain, etxeko txikiek ondo baino hobeto pasatzeko hainbat jarduera izango dituzte: puzgarrien parke bat, ohe elastikoak, arrantzan egiteko eta txalupekin jolasteko igerileku txiki batzuk, ur arrapala bat, ludoteka eta urari eta ingurumenaren babesari lotutako alderdiak lantzeko beste hainbat jolas eta espazio... Hori guztia osatzeko, musikaz eta kale animazioz beteko da herrigunea, nagusiki, Udaletxeko plaza, Joan XXIII. plaza, Agirre Lehendakaria parkea eta kiroldegia.

Berritasun gisa, Uraren Jaiaren aurtengo edizioak larunbatean irekiko ditu ateak, 17:00etan. Udal kiroldegian puzgarrien parkea izango da, bai eta ohe elastikoak, rokodromoa eta ludoteka ere. Udaletxeko plazan lantegiak eta bi erakusketa egingo dira: batak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren lana ezagutzera emango du, eta besteak zapi bustiek saneamendu sistemetan eragiten dituzten arazoen inguruan sentsibilizatuko ditu herritarrak. Gero, arratsaldeak aurrera egin ahala, familia osoa dibertitzeko eta entretenitzeko kaleko animazioa eta musika izango dira: diskofesta, erromeria eta berbena.

Puzgarriak, ur jarduerak, lantegiak...

Baina hor ez da amaituko jaialdia. Igandean, iazko edizioan bezala, jarduera gehienak Agirre Lehendakaria parkera lekualdatuko dira, Udaletxeko plazan eta Joan XXIII. plazan jarduera batzuk egingo diren arren. Uraren Jaiaren azken zati hori 10:30ean hasi eta 15:00etan amaituko da, eta, antolatzaileek diotenaren arabera, Arrigorriagara doazenek haurrekin batera primeran pasatzeko diseinatutako ekitaldiez gozatuko dute, jarduera ugari egongo baitira: puzgarriak, ur jarduerak, lantegiak eta mota askotako jolasak, ipuin kontalariak, antzerkia, pailazoak, magia, diskofesta eta txaranga.

Instalazioak apainduta egongo dira eta beharrezko zerbitzu guztiak izango dituzte, bai eta gurasoek haurtxoak edoskitzeko eta aldatzeko eremu bat ere. Gaztetxoak, hala nahi izanez gero, eskumuturrekin identifikatuko dira.

Halaber, larunbatean zein igandean, edateko urak tratatzeko zentroaren funtzionamendua ezagutzeko bisita gidatuak antolatuko dira, langile espezializatuekin. Betelurira iristeko autobusak jarriko dira, eta nahitaezkoa izango da aldez aurretik jai eremuan bertan izena ematea. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak gogorarazi du jarduerak Arrigorriagako herrigunean egingo direla, eta, beraz, garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da (Bizkaibus eta Renfe). Ez ezazue pentsa eta anima zaitezte Uraren Jaiaz gozatzera.

Temas

Euskera