Haurra izateko munduko tokirik arriskutsuena da Gaza
Gatazka hasi zenetik 5.350 haur hil dira eta 8.663 zauritu, baina eraso eta bonbardaketek eragindako heriotzez gain, egarriak eta goseak ere arriskuan jartzen du milioika haurren bizitza.
UNICEF Euskal Herriko Batzordea
Ostirala, 22 abendua 2023, 20:48
Gazako Lerroa da gaur egun haurra izateko munduko tokirik arriskutsuena eta, egunero, milaka haurrek bizi duten errealitate gordina geroz eta gogorragoa da. Azken egunotan, funtzionatzen jarraitzen zuen ospitale handiena birritan bonbardatu dute; Khan Yunisen dagoen Al Nasser ospitalea, hain zuzen ere. Osasun zentro honek ez zuen bakarrik erasoen ondorioz zaurituta zeuden haurrak artatzen, segurtasun bila bertan babesten ziren ehunka familia ere hartzen zituen.
Ospitaleak eta eskolak bonbardaketa eta erasoen jomugan daude eta ez da gune segururik geratzen Gazan. Azken bi hilabetetan, 5.350 haur hil dira erasoen ondorioz eta 8.663 zauritu. Gainera, milaka daude oraindik hondakinen artean desagertuta.
Haurrek bizi duten egoera jasangaitza da. Haien senideak, gertuko lagunak eta auzokideak galdu dituzte, haien etxeak suntsituta ikusi dituzte, eta babesik gabe geratu dira.
Halaber, Gazako Lerroaren barruan 1.8 milioi barne-desplazamendu jaso dira, hau da, bertako biztanleen % 80ak bere etxea utzi behar izan du. Barne-desplazatu guzti horiek oinarrizko hornigai eta zerbitzuetara sarrera oso murriztua dute; hala nola ura, elikagaiak, elektrizitatea eta zerbitzu medikoak.
Ur eskasia oso larria da. UNICEFen datuen arabera Gazako haurrek beharrezkoa duten uraren % 10 baino ez dute jasotzen. Ur eta saneamendu zerbitzuak kolapsatuta daude eta horrek gaixotasunen agerraldien arriskua ekar dezake. Bestalde, Elikagaien Munduko Programaren arduradunen arabera, Gazako biztanleriaren erdia gosez hiltzeko arriskuan bizi da; alegia, Gazako biztanleen % 90ak egun osoa igarotzen du ezer jan gabe. Bertan bizi diren 2,2 milioi pertsonek behar dituzten elikagaien % 10 bakarrik sartu da Gazan azken 70 egunetan.
Testuinguru larri honetan, urik, elikagairik eta saneamendu egokirik gabe, gaixotasunek eragindako haurren heriotzak bonbardaketen biktimen zifrak gainditu ditzakete, eta medikamentuen eskasiak, gainera, are zailagoa egiten du milaka haurren egoera.
Laguntza jasotzea hil ala biziko kontua da Gazako haurrentzat. UNICEFek berehalako su-etena eskatzen du, erasoen amaiera, eta laguntza humanitarioarentzako sarrera iraunkorra eta etenik gabekoa.