https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Unibertsitate formakuntzaz baliatuz euskal kirolarien laneratzea ahalbidetuko duen egitasmo bateratua aurkeztu dute

Unibertsitate formakuntzaz baliatuz euskal kirolarien laneratzea ahalbidetuko duen egitasmo bateratua aurkeztu dute
Nerea Regueira

Programa berri honek kirolari hauen laneratzea erraztea du helburu

UNAI SARRIUGARTE

Unibertsitate formakuntzaz baliatuz euskal kirolarien laneratzea ahalbidetuko duen egitasmo bateratua aurkeztu dute. Ekimen honetan Mondragon Unibertsitateko Enpresagintzako Fakultateak, Basque Team Fundazioak eta WATS Teamek hartu dute esku.

Ekimena ostegun honetan, uztailak 11, aurkeztu zuten Bilbon, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean. Bertan Lander Beloki fakultateko dekanoak, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak, Alex Navarro WATS Teameko sortzaileak eta Rocio Ybarra euskal belar hockey jokalariak proiektu berri honen nondik-norakoak aurkeztu zituzten.

Programa berri honek kirolari hauen laneratzea erraztea du helburu. Goi mailako kirol munduan egun diharduten kirolariek unibertsitate formakuntza beharretik abiatuta, hauen laneratzea ahalbidetzea. Kirol lehiaketarako garaia amaitu ondoren, lan munduari ekiteko lehenengo aurrerapausoa izatea nahi dute hiru erakunde sortzaileek.

Izan ere, goi mailako kiroletan landutako ibilbideaz gainera, Basque Teameko kirolari gehienek goi mailako ikasketak burutu izan dituzte. Hortaz, programa berri honek pertsona hauei curriculuma lantzeko eta hobetzeko aukera eskainiko die, hauexek enpresentzako erakargarriago bihurtzeko helburuarekin.

Halaber, Mondragon Unibertsitateak eta WATS Teamek Kirol Berrikuntzako Graduondoaren xehetasunak eman dituzte aditzera. Euskadin aitzindaria da formakuntza hau. Graduondo honen bigarren deialdia irailean jarriko da abian Bizkaiko hiriburuan eta ikasketa hauek kirola etorkizuneko lanbide izan nahi duten profesionalei bideraturik doa.

Ikasleak Kirol Kudeaketan, Lidergoan, Berrikuntzan eta Ekintzailetzan hezitzen ditu, giza eskubideak aintzat hartuta. Iazkoa gradu honen lehenengo edizioa izan zen eta arrakasta itzela izan zuen. Hortaz, aurten berriro ere graduondoko hau eskaintzea erabaki dute bi erakundeek. Bertan esku hartu nahi duen edonork webgune honetan izen eman dezake: www.wats.team/postgrado.

Temas

Euskera