https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Unai Laso, Bilboko Aste Nagusiko Pilota Txapelketaren ezustekoa

Unai Laso, Bilboko Aste Nagusiko Pilota Txapelketaren ezustekoa

Lasok eta Albisuk erraz garaitu zituzten Altuna III eta Rezusta

UNAI SARRIUGARTE

Unai Laso (Bizkarreta, Nafarroa, 1997) Bizkaiko Aste Nagusiko Pilota Txapelketaren ezustekoa izan da. Aurrelari nafarraren izaera urduria, eta ezker-eskuin indartsu eta erasoko joko alaiak azkenean bere fruitua eman du. Izan ere, pasa den larunbatean Albisurekin batera Bilboko jaietako txapelketaren irabazle bilakatu zen.

Azken bi hilabeteotan Lasok aurkeztu duen ibilbide ikaragarriak azkenean behar bezalako aintzatespena izan du. Mikel Urrutxikoetxearen lesioa zela medio, aurrelari nafarrak zaratamarra ordezkatu eta Albisuren bikote izan zen joan den larunbateko finalean.

Baiko Pilotak Lasoren alde egin zuen apustu Mikel Urrutikoetxea ordezkatzeko eta bete-betean asmatu zuen. Izan ere, erakutsi zuen segurtasun eta joko bortitzak Rezusta eta Jokin Altunaren pazientziarekin amaitu zuen. Altuna III ez zen batere eroso ibili frontoian.

Bestalde, Albisu partidaren lehen zatian ez zen ondo ibili. Edonola ere, norgehiagokaren bigarren zatian berpiztu egin zen eta Rezusta mendean hartzeko gai izan zen. Nahiz eta Rezusta partida osoan ondo baino hobeto ibili.

Albisuk lehendabiziko tantoetan hiru pilota galdu zituen. Baina partidak aurrera egin ahala bikote urdina hobetzen joan egin zen. 10-6eko partziala izan zen Baikoko pilota bikotearen azken bolada txarra. Izan ere, Lasok eta Albisuk bereak eta bi egin zizkieten Altuna III eta Rezustari.

Ataundar atzelaria atzeko koadroetan jaun eta jabe izan zen norgehiagokaren bigarren zatian. Lasok ere Altuna erabat mendean hartu zuen. Bi bikoteek 11na berdindu zuten. Gero, ordea, Lasok egindako exekuzio bikainek eta Albisuren kolpe ikaragarriek 11-16 irabazten joatea eragin zuten.

Gorriak bi tantotan hurbildu ziren. Edonola ere, ezin izan zuten ezertxo ere egin Baikoko bikotearen aurka eta azkenean Laso eta Albisu suertatu ziren garaile, 13-22. Apustuek Laso eta Albisuren alde egin zuten 100 eta 30. 7 urteren ondoren Baikoko bikote batek txapelketa bat irabazi du berriz. Izan ere, enpresa honetako bikote batek ez zuen 2012. urtetik irabazten.

Temas

Euskera