https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Umore Azoka Leioak 38 emanaldi eskainiko ditu gaur

Umore Azoka Leioaren aurkezpena, atzo./
Umore Azoka Leioaren aurkezpena, atzo.

Kaleko Arteen Azoka, atzo hasi zen, eta gaur eguerditik gauerdia arte irauungo du

ELCORREO.COM

Umore Azoka Leioa, Leioako Udalak antolatutako Kaleko Arteen Azoka, atzo hasi zen, eta gaur eguerditik gauerdia arte irauungo du. Horrez gain, 14:30ean, Mendibile Jauregian Harrera Ekitaldi Ofiziala ospatuko da eta aurreko edizioko sariak eta Umore Azoka 2018 Sari Berezia banatuko dira ere bai.

Hogeita hamar ikuskizun eskainiko dira gaur, 38 emanalditan. Horietatik 8 estreinaldiak izango dira (erabateko 5 estreinaldi, kaleko estreinaldi bi eta Estatu mailako estreinaldi bat). Umore Azoka Leioan ohikoa denez, ostirala da aurreikusitako jarduera gehien dituen eguna, eta baita jende gehien jasotzen dituena ere, asteburuaren aurrekari gisa.

Erabateko estreinaldien artean, teknologia, gastronomia eta natura batzen dituen Markeliñeren 'Chef Natura', eta bizileku berria sortzen ahalegintzen den pertsonaia bitxia erakusten duen Aimar & Cía taldearen 'Etxea/Casa/Home' clown eta masta txinatar ikuskizunak daude. Orain arte ikusi gabeak dira, baita ere, ukitu soziala duen Barsanti konpainiaren 'Desahucio'; Node Akzionaren 'Tria' performancea –giza jokabideari buruzko fabula, dantza forman–; eta Valentziako Lucas Escobedo konpainiaren 'Los Mañas' ikuskizun ibiltaria, zentzurik gabeko egoerak aurkeztuko dituena 'manitas' bikote baten eskutik.

Kaleko estreinaldien artean Lasala dantza konpainiaren bi ikuskizun aipatu behar dira, Onditzeko gune berrian bata bestearen ondoren eskainiko diren 'Female' eta 'I U'. Estatu mailan, Leioak Txileko Murmuyo konpainiaren '¡Fuera!' antzezlanaren estreinaldia jasoko du. Bertan, clown tekniken bitartez, gaur egungo gaiak proposatuko dira.

Bigarren jardunaldi hau, Umore Azoka Leioan ostiral honetan lehen aldiz ikusi ahal izango diren beste 8 ikuskizunekin osatuko da. Extremadurako Chey Jurado artistaren 'Agua' dantza ikuskizuna, Hermanas Gestring andaluziarren 'Good Girl' koreografia garaikidea, Krego-Martín Danza konpainiaren 'Moliendo café' umore eta dantza emanaldia, eta Kolektibo Baakai Katiuskak eskainiko duen Kataluniako bastons-en eta txalapartaren 'egurRa' nahasketa ikusgarria izango dira.

Halaber, 'Rodó' obra txalotua eskainiko duen Chapertons Còmic Teatre taldearen umore 'pneumatikoaz', Vincent de Rooij clown nederlandarrak 'Boat' ikuskizunean Pinosolo parkean kokatutako itsasontzi-hegazkinez egingo duen bidaia ezinezkoaz, Potato Omelette Band madrildarren 'Music Island' umorezko musika ikuskizunaz, eta Kataluniako Amer i Africa Circ Cía zirku konpainiaren 'Envà' lanaz ere gozatu ahal izango dute interesunek.

Beste alde batetik, 14:30ean, Mendibile Jauregiak azokako une berezietako bat jasoko du, parte hartuko duten konpainia guztien Harrera Ekitaldi Ofiziala, hain zuzen ere. Horrez gain, ekitaldi horretan, Umore Azokaren aurreko edizioko sariak eta Umore Azoka 2018 Sari Berezia banatuko dira.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos