Ver fotos
Umeen begiradatik sortutako 'Bañolet' telesaila estreinatu da Durangoko Azokan
Behe Nafarroan grabatutako ikus-entzunezkoan parte hartu duten 50 bat herritar hurbildu ziren igandean Irudieneara
NAHIKARI CAYADO
DURANGO
Igandea, 5 abendua 2021
Irudieneak alfonbra gorria jantzi zuen igandean 'Bañolet'en estreinaldia hartzeko. Umeen begiradatik sortutako telesaila Durangoko Zugaza zinemetan proiektatu zen lehenengoz, eta publikoaren erantzuna ezin hobea izan zen. Izatez, Behe Nafarroako 50 bat herritarrek ez zioten hitzordu garrantzitsu horri hutsik egin nahi izan eta autobusean etorri ziren elkarrekin. Baina zergatik sortu ote zuen horrenbesteko eztanda proiekzio horrek? Bada, urte bete pasa da Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoyenek Durangoko Azokak eskaintzen duen Sormen Beka irabazi zutenetik. Eta orain, hilabete guzti hauetan landutakoa publiko aurrean erakusteko unea iritsi zaie.
Guztira lau atal grabatu dituzte Nafarroa Beheran dagoen Eiheralar herrian, Garaziko eskualdean. Aktore lanetan bertako biztanleak aritu dira, adin ezberdinetakoak. Herritar asko ere aritu dira teknikari lanetan edota bestelakoetan. «Oso prozesu polita izan da, lagun eta familia artean grabatu dugu eta jendearen erreakzioa ikusteko irrikatzen gaude», adierazi zuen bere aldetik Iribarnek estreinaldia hasi baino lehen.
Atal bakoitzak hamabost minutuko iraupena dauka eta umorea, absurdoa eta poesia ere nahastu da haien irudi eta gidoietan. «Identitatearekiko gogoeta bat proposatu nahi izan dugu, gizarte antolaketa berriak, hizkuntza edota nazio identitatea, besteak beste», Iribarnek azaldu zuenez. Dena euskara hutsean grabatu da eta protagonista nagusiak haurrak dira. Beraien begirada izan da ikus-entzunezko lan horren oinarria.
«Oso ondo pasa dugu aktore lanetan, nahiz eta eszena konkretu batzuetan, batez ere gauez grabatu ditugunetan, gogorra izan den», adierazi zuten bere aldetik 'Bañolet'eko protagonistek. Sei dira, zazpi eta hamabi urte bitarteko lagun eta neba-arrebak. Haize eta Unai Etxegarai, Laili Gaztanmbide, Elorri eta Amaia Elissalde eta Eneko Gizainburu dira beraien izenak, eta denek, aktore lanetan irudikatzen dute bere burua etorkizunean. «Maiak eta Paxkalek asko lagundu gaituzte eta familia giroan egin dugu dena, zerbait desberdina eta oso polita izan da eta gehiago egin nahi ditugu», aitortu dute sei laguntxoek behin estreinaldia amaituta.
Zuzeneko musika
Musika ere telesail berri horren osagarri garrantzitsua izan da. Izan ere, kapitulu bakoitzean musikak gidatzen duen zati bat dago, hala nola kantuak, batukada erritmoak edota herio-orkestrak. «Musika guk sortu dugu ere, eta ekintza eta gertakariak, koreografia bat bezala, erritmo berezi baten bidez lotu ditugu, eguneroko gizarte koreografiaren gisara», azaldu zuen Iribarnek. Behin proiekzioa amaituta, oholtza gainera igo ziren Irigoyen eta bera, ikus-entzunezkoaren parte den 'Zauri' abestia interpretatzeko.
'Bañolet kantuz' izeneko diskoa eskuratu nahi duenak ere horretarako aukera izango du egunotan Durangoko Azokan. Izan ere, 'Bañolet'en egileek stand propioa daukate Landako Gunean ere.