https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

UEUk "Historiagintzaren ikuspegi berriak: teoria eta praktika" liburua aurkeztuko du, Gasteizen

Liburuaren aurkezpena izango da asteartean, urtarrilaren 23an, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean

I.AGOTE

Bakarne Altonagak, Maialen Arangurenek eta Aintzane Rinconek idatzi eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) argitaratu duen "Historiagintzaren ikuspegi berriak: teoria eta praktika" liburuaren aurkezpena izango da asteartean, urtarrilaren 23an, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean.

UEUk jakinarazi duenez, liburuaren helburua da historiagintzaren alderdi teorikoen inguruan hausnartzen duen euskarazko testuliburu bat eskaintzea. Horretarako, azken hamarkadetako ikuspuntu teoriko berritzaileenak plazaratzeaz eta azaltzeaz gain, historiografia klasikoaren berrikuste kritikoa eskaintzen da.

Horrela, egileek bildu dituzten hausnarketak "post-soziala" deitutako berrikuntza teorikoetatik abiatzen dira. Ildo horri jarraituz, liburuaren egileek ulertzen dute subjektu eta gertakari historikoak ez direla kondizio material eta ekonomiko hutsen arabera azaltzen, baizik eta tokian tokiko eta garaian garaiko marko diskurtsibo eta emozionalak ere prozesu eta aldaketa historikoetan erabakigarriak izan direla.

Datuen bilketa hutsean zentratzen diren hurbilpenen aurrean prozesu historikoen esanahi aldakorrak interpretatzeko tresna analitikoak eskaini nahi ditu liburu honek. Ikasketa kulturalek eskaintzen dituzten tresnak baliatuz generoaren, identitatearen, subjektibitatearen, gorputzaren, feminismoaren, modernitatearen, postmodernitatearen, boterearen edo postkolonialismoaren inguruko gogoetak eskaini nahi ditu.

Liburuaren aurkezpena arratsaldeko 19:00etan hasiko da, eta Bakarne Altonaga, Maialen Aranguren eta Aintzane Rincon liburuaren egileek parte hartuko dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos