https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Udalek hirigintza esklusiboa sustatu dezaten diru-laguntzen deialdia martxan da

Hiri-plangintza hobetzeko neurrien artean dago, adibidez, emakumeen segurtasuna hobetzea espazio publikoan eta puntu beltzak ezabatzea./Telepress
Hiri-plangintza hobetzeko neurrien artean dago, adibidez, emakumeen segurtasuna hobetzea espazio publikoan eta puntu beltzak ezabatzea. / Telepress

Euskal Autonomia Erkidegoko udalek egin dezakete laguntzok jasotzeko eskakizuna irailaren 10a bitartean

AMALIA IBARGUTXI

Genero berdintasuna atxikitzeko borrokan, irabazi beharreko borroka ugari dago oraindik. Horietako bat da hirigintza inklusiboa deitu ohi zaiona. Horren arabera, lurralde antolaketan gizonezko eta emakumezkoen arteko desberdintasunak kontuan hartu behar dira, baita haurrak, helduak, etorkinak, gazteak, gurasoak eta  mugikortasun urriko lagunen beharrizanak. Eremu publikoetako segurtasuna areagotzeko hirigintza eredu horri buruzko aurtengo laguntzen deialdia ireki du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak. Eskabideak aurkezteko epea irailaren 10ean amaituko da.

Genero-ikuspegia duten dokumentuak prestatzeko beharrezko laguntza teknikoa kontratatzeko gastuak finantzatuko dira, gehienez 20.000 euroan, udal bakoitzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko udalek egin dezakete laguntzok jasotzeko eskakizuna, aurreko deialdian lan berentzako esleipendun izan zirenek salbu.

Hirigintza-planetan genero-ikuspegia integratzeko lan arlo nagusiak lau dira, ekipamendu edo zerbitzu horiek erabiltzeko premietan eta horietara jotzeko sarbidean genero-desberdintasunak nabarmenak direlako: lurralde-antolamendua eta hirigintza, mugikortasun jasangarria, landa-ingurunea eta gobernamendua.

Horregatik, hiri-plangintza hobetzeko neurrien artean dago, adibidez,  emakumeen segurtasuna hobetzea espazio publikoan, puntu beltzak ezabatu eta eraikin berri eta espazio publiko seguruak diseinatuz.

Etxeko lana eta pertsonak zaintzeko lana sustatzea izango da laguntzen helburuetako beste bat, «zaintzaren hirigintza» sustatuz. Mugikortasun-planetan emakume eta gizonek egiten duten garraio publikoaren erabilera desberdina ere jasoko dute,, kontuan hartuta emakumeak direla garraio publikoaren erabiltzaile nagusiak. Azkenik, emakumeek hirigintza-plangintza horiek diseinatzeko eta gauzatzeko ekipo teknikoetan parte-hartze handiagoa izan dezaten ere sustatuko dute.

Iaz, lehen deialdian, 24 udal eskatzaileetatik 16k lortu zuten diru-laguntza: Getxo, Durango, Erandio, Basauri, Leioa, Lemoa, Zamudio, Lekeitio, Lezama, Amorebieta, Errenteria, Zierbena, Etxebarri, Munitibar, Ortuella eta Ispasterrek.

Arantza Leturiondo Lurralde Plangintzako sailburuordearen iritziz, helburua ez da inbertsio handiak egitea, baizik eta «hirigintza-politika erraz batzuk praktikan jartzea. Honako hauek, besteak beste: espaloi zabalak diseinatzea, kaleak ongi argiztatzea, espazio diafanoak, seguruak eta irisgarriak diseinatzea, nagusiki emakumeek erabiltzen dituzten garraio publikoen ibilbide eta ordutegiak beren premietara egokitzea edo markesinak gardenak direla ziurtatzea».

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos