https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Udalak Memoria Historikoa berreskuratzeari ekingo dio 2018an

Udalak Memoria Historikoa berreskuratzeari ekingo dio 2018an

Martxoaren 31 errepresio frankistaren biktima izandako gasteiztar oro aitortzeko eguna izango da

I.AGOTE

Gorka Urtaran alkateak iragarri duenez, dekretu bat sinatu du Udalak 2018an Memoria Historikoa berreskuratzeko bideratuko dituen zehaztuz, Gasteizen frankismoaren biktimekin justizia egitearren. Besteak beste, oroitzapenerako lau espazio sortuko dira, martxoaren 31 errepresio frankistaren biktima izandako gasteiztar oro aitortzeko eguna izango da, horien omenezko eskultura bat jarriko da, hegazkin istripuan hildako bi zibilak oroitzeko xafla bat jarriko da Plaza Berrian, eta frankismoaren biktimen errolda ofiziala landuko da.

“Memoriagune” deritzenen bidez, gure udalerriko frankismoaren biktima orori aitorpena, elkartasuna eta maitasuna adierazi nahi zaizkie. “Haien oroitzapena bermatzea —zehaztu du alkateak—, duintasuna itzultzea eta justizia egitea da helburua”. Santa Isabel hilerrian, Bake kalean garai batean kartzela egon zen lekuan, Karmengo komentuaren kanpoaldean edo Sagrado Corazón ikastetxean kokatuko dira.

Gorka Urtaranek jakinarazi duenaren arabera, egun bat ezarriko da Udalbatzaren kide errepresaliatu eta hildako oro —eta, hedaduraz, errepresio frankistaren biktima izandako gasteiztar oro— aitortzeko. Martxoaren 31 aukeratu da, data horretan fusilatu baitzuten Teodoro González de Zárate alkatea, beste hamabost pertsonarekin batera. Orobat, eskultura bat jarriko da hiriko errepresaliatu eta hildako guztien omenez. Terrorismoaren Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren ondoko plaza batean ipintzea proposatu du alkateak.

Memoria berreskuratzeko beste ekintzetako bat Antonio Peral Maza eta Vicente López de Lacalle Erauskin oroitzeko xafla bat jartzea izango da; bi zibil horiek Heinkel hegazkin batek Plaza Berrian 1936an izandako istripuaren ondorioz hil ziren. Izan ere, Peral Mazaren —29 urte zituen hil zenean— senideek eskatu dute aitorpen hori, haren heriotza eta López de Lacalle Erauskinena —20 urte zituen hark— ahantz ez daitezen, erregimen frankistak ezkutatu egin baitzuen istripua.

Gainera, xafla bat jarriko da Andre Maria Sortzez Garbiaren katedralean, barruan dagoen armarri frankistaren esanahia azaltzeko, une historikoa eta sinbologia hori mantentzearen zergatia testuinguruan jartzeko. Era berean, beste xafla bat ipiniko da Olagibel kaleko Gobernu Ordezkariordetzan, horrelako eraikin publikoetan ageri den armarri frankista testuinguruan jartzeko.

Azkenik, beste xafla bat jarriko da Olarizu mendiko gurutzean, Gasteizko udalerriko leku esanguratsuenetako bat baita, monumentua seinaleztatu eta testuinguruan jartzeko, duen benetako esanahi historikoa ezagutu dadin, eta diktadurak ondoren egindako erabilera politikoa.

Aipatu beharra dago bai memoriaguneetan bai testuinguruan jartzeko xafletan QR kodeak txertatuko direla, dibertsitate funtzionala duten pertsonek informazioa eskuragarriago izan dezaten. Gainera, udalaren web-orrian atal bat sortuko da Memoria Historikoarekin lotutako eduki guztiak biltzeko.

Bestetik, udalerriko hainbat etxebizitzatan dauden xafla frankistak kenduko ditu Udalak, horretarako egindako errolda kontuan hartuz, aldez aurretik jabeen erkidegoei jakinarazita eta udal aurrekontuaren kontura. Gasteizen izandako frankismoaren biktimen errolda ofiziala ere landuko da, Gogora memoriaren institutuarekiko eta Arabako Foru Aldundiarekiko lankidetzan.

2018an garatzekoak diren ekimenen artean, halaber, gazteak sentsibilizazio ekintzak aurreikusi dira, baita memoriaren ibilbidea diseinatzea ere, garai horretan gure hirian bizi izandako errepresioaren espazio esanguratsuenak bisitatzeko.

Diktadura frankistarekin lotutako ohorezko sariak

Dekretuak xedatzen duenaren arabera, Faustino Ortiz de Zárate Beitiari kendu egingo zaio eman zioten zilarrezko domina, sariak diktadura argi goresten zuela jotzen baita. Orobat, Luis Orgazi hiriaren seme kutunaren izendapena kenduko zaio, Franco jeneralarekin batera altxamendu militarrean aktiboki parte hartu baitzuen. Gainera, Estatu Nagusiko burua izan zen, eta Gerra Zibilean behin-behineko alferezen akademiak sortu zituen. Diktaduran ere paper garrantzitsua jokatu zuen.

Neurri horiez guztiez gain, Udalak atea irekita uzten du Memoria Historikoaren alorrean beste jarduera batzuk egiteko, horiek justifikatzen dituzten frogarik edo arau aldaketarik izanez gero.

Gaur sinatutako dekretuaren oinarrian gaia lantzeko sortutako lan-taldearen ondorioei jarraituz 2017ko urtarrileko osoko bilkuran hartutako erabakia dago; EH Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE, Podemos eta Irabazi-Ganar talde politikoek alde bozkatu zuten, eta PP abstenitu egin zen. Geroztik garatu beharreko ekintzak lantzen aritu dira teknikariak. Ahalik eta zorrotzen jokatzeko asmoz, Virginia López de Maturana doktoreari txostena egiteko eskatu zitzaion, gure hiriko frankismo garaian aditua baita; irizpide historikoei eta Memoria Historikoaren 52/2007 Legeari jarraitu dio txostena lantzerakoan. Alkateak haren lana eskertu du, baita Frankismoaren Krimenen kontrako Euskal Plataformaren ekarpenak ere.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos