https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskaltegiak ikasturte berrirako prest daude

Euskaltegiak ikasturte berrirako prest daude
Roberto Arnaiz

Euskadiko 103 euskaltegiek 35.000 ikasle inguru jasoko dituzte aurki hasiko den ikasturtean zehar, eta ikasleok inoiz baino diru-laguntza handiagoak jasoko dituzte matrikula ordaintzeko

AMALIA IBARGUTXI

Irailean zehar zenbait ikaslek ikastaro ezberdinetan parte hartuko badute ere, euskaltegietako ikasle gehienek urrian hasiko dituzte eskolak. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2018-2019 ikasturterako euskaltegien matrikulazio kanpaina aurkezpenean adierazi duenez, Euskadiko Autonomia Erkidegoan dauden 103 euskaltegiek 35.000 ikasle inguru jasoko dituzte, eta hauek inoizko diru-laguntzarik handienak jasoko dituzte matrikula ordaindu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak, esate baterako, % 44 igo du ikasleentzako diru-laguntzetara bideratutako aurrekontua, iazko 1.250.000 eurotik aurtengo 1.800.000 eurora igoz.

Barakaldoko Udal Euskaltegian elkartu dira Zupiriarekin, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, HABEko zuzendari Jokin Azkue, eta aldundietako, EUDEL, UEMA eta beste erakunde batzuetako ordezkariak ere. Euskaldiko udal euskaltegirik handiena den zentro hori ordezkatuz, Barakaldoko Hezkuntza, Kultura, Euskara eta Gazteria zinegotzi Nerea Cantero izan da, baita euskaltegien sareko hainbat ordezkari ere. Euskarari «ateak irekitzeko eta azken hamarkadetan hizkuntza hori ikasteko erabakia hartu duten milaka pertsonekin bat egiteko gonbita» egin diete herritarrei.

«Euskara era nabarmenean gaztetu eta sendotu da azken hamarkadetan. HABEren datuen arabera, 1986az geroztik, 460.000 herritar ezberdin izan dira uneren batean euskaltegiren batean matrikulatuta. Apustu hori aitortzera gatoz gaur. Eta euskara ez dakiten herritarrak hizkuntza horretara gerturatzera animatu nahi ditugu», esan du Bingen Zupiriak.

Horregatik aukeratu dute Barakaldo matrikulazio kanpaina aurkezteko. Udalerri horretan, euskaldunak hiritar guztien %2,6 ziren 1986. urtean, eta egun, %23 dira. «Orain dela hiru hamarkada, euskaraz aritzeko gai zirenak 2.790 pertsona ziren udalerrian. Orain 22.000 euskal hiztun ditu, eta euskara ulertzeko gai diren beste 16.000 pertsona. Jauzia izugarria izan da», nabarmendu du Zupiriak.

Iazko ikasturtean, 34.225 ikaslek eman zuten bere izena Euskal Autonomia Erkidegoan dauden 103 euskaltegietako batean, %80ak euskaltegi pribatuetan. Ikasleen erditik gorak B2 eta C1 mailetan eman zuen izena, eta hori da, hain zuzen, Zupiriak azpimarratutakoa. Egun, maila baxuenak ez dira ikasle gehien dituztenak, «aldaketa bat eman da maila altuagoen mesedetan. Euskaltegietako ikasle askok gaitasuna hobetzea dute helburu, eta hori osoa positiboa da, lotura zuzena erakusten baitu hizkuntza-gaitasunaren eta hizkuntzaren erabileraren artean».

Biziberritzearen adibide

Ikasleei erraztasunak emateko apustua izan da, hain zuzen ere, izena emateko epearen irekiera-ekitaldian gehien nabarmendu duten alderdietako bat.Sailburuak esan duenez, Eusko Jaurlaritzaren laguntzek %44 egin dute gora, eta handitze horrekin, beste erakunde guztien laguntzak gehituz gero, B2 mailara arteko euskararen ikaskuntza epe laburrean doakoa egiteko apustua lortzetik gertuago gaude. «Ikasleei laguntza ekonomikoak eskaintzeko apustua garbia da, eta geroz eta nabarmenagoa. Eta euskaltegiek geroz eta erraztasun handiagoak eskaintzen dituzte ordutegien malgutasunari, teknologia berrien erabilerari eta ikaskuntza-epearen bateragarritasunari dagokienez. Helburua da euskararen ikaskuntza doakoa egitea B2 mailara arte, komunikazioa bermatzen duen maila den heinean», gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzak, halaber, %6 areagotu du HABEren bidez euskaltegi pribatuei egiten dien ekarpena; eta %1,5 udal euskaltegiei egiten diena. Guztira, euskaltegien sareak 32.817.000 euroko ekarpena izango du ikasturte honetan, 20.752.000 euskaltegi pribatuentzat eta beste 12.065.000 euro udal euskaltegientzat.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos