Uber Londresetik kanpo geratzeko zorian dago
APP-ak ez ditu hiriak exijitzen dituen segurtasun neurriak bermatu gutxienez bertan eskainitako 14.000 zerbitzutan
UNAI SARRIUGARTE
Igandea, 1 abendua 2019, 00:15
Uber Londresetik kanpo geratzeko zorian dago. Izan ere, Ingalaterrako hiriburuak uko egin dio zerbitzuari, segurtasun arazoak egotzita. Hortaz, APP-a bere operazio gune garrantzitsuenetariko bat galtzear dago.
Londresek hiritik at utzi nahi du Uber berriro ere, garraio zerbitzu honek zenbait segurtasun neurri ez betetzeagatik. Kasu konkretu honetan, Transport for London (TLF) garraioaren Udal agintaritzak jarri du plataforma honen kontrako salaketa. Erakunde honek duela egun batzuk iragarri zuenez, Uberrek ez ditu hiriak exijitzen dituen segurtasun neurriak bermatu gutxienez bertan eskainitako 14.000 zerbitzutan.
Oraingoa ez da Erresuma Batuko hiriburuan Uber plataformak segurtasun neurriak betetzen ez dituen lehendabiziko aldia. Izan ere, 2017. urtean gauza berbera gertatu zen. Duela bi urteko kasuan konpainiak ez zuen gidarien aurrekari judizialen berri eman, eta hortaz erakundeak APP-ari bertan zerbitzua eskaintzeko lizentzia kendu zion.
Uberrek 21 egun ditu apelazioa aurkezteko. Edonola ere, epaile batek erabakiko du plataforma hiritik kanpo utzi ala ez. Erabakia errealitate bihurtzen bada Londresen 45.000 pertsona lanik gabe geratu daitezke. Uberrek Londresen jarduteko zuen lizentzia irailean iraungi zen. Ondoren, Transport for London erakundeak bertan lan egiteko beste bi hilabeteko baimena eskaini zion. Baina, hauxe astelehenean, azaroak 25, bukatu zen.
Londreseko alkatea den Sadiq Khanek Transport For London erakundearen erabakia babestu zuen. Gai honen inguruan duela egun batzuk Khanek nabarmendu zuenez: «zerbitzu berri bat eskaintzeagatik, bezeroek ez daukate euren segurtasuna urratuta ikusi beharrik».