https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Txomin Solabarrieta Etxaburu ohorezko euskaltzaina pasa den asteazkenean hil zen

Txomin Solabarrieta Etxaburu ohorezko euskaltzaina pasa den asteazkenean hil zen
bizkeliza.org

Abade ondarrutarrak bizitza osoa eman zuen euskararen aldeko itzulpengintzan

UNAI SARRIUGARTE

Txomin Solabarrieta Etxaburu ohorezko euskaltzaina pasa den asteazkenean hil egin zen Bilbon 91 urte zituela. Halaxe helarazi du Bilboko elizbarrutiak. Ondarrutar abadea euskararen sustatzailea izan zen Bizkaiko parrokietan, eta elizbarrutiko itzultzaile ofiziala ere bai. Euskararen aldeko ekarpen nagusia hiztegigintzan burutu zuen. Adorez kultur taldeko kidea izan zen hasieratik (1982-2018). Talde honetan hamabost hiztegiren argitalpenean parte hartu zuen.

Apaiz lanetan hainbat herritan ibili zen: Ermuan, Axurian, Amoroton, Gatikan, Bilbon etab. Elizbarrutian, berriz, hamahiru urte luzez itzulpen lanetan dihardu zuen. Baita ere, funtsezkoak izan dira itsas munduko lexikoari buruz egin zituen ekarpenak.

Bestalde, euskarazko alfabetatze-euskalduntze eskolak sustatzen, dantza taldeak sortzen eta euskal antzerkia bultzatzen ibili ohi zen. Izan ere, euskal dantza, antzerkigintza, bertsogintza eta kirolen zale amorratua zen.

1978-1982. urteetan Euskaltzaindiko irakasle taldearekin andereñoentzako D eta B ikastaroak ematen ibili zen. 2018. urtean, berriz, ohorezko euskaltzain izendatu zuten euskararen alde egin zuen itzulpengintza lanagatik. Bestalde, 2011. urtean Urrezko Lumaren garaikurra jaso zuen Bilboko Liburu Azokan.

Ondarrutar euskaltzaina Bostak Bat Kultur Elkarteko kide eta sortzaileenetako bat izan zen. Solabarrietak 27 urte eman zituen euskararen eta euskal lexikologiaren alde elkarte honetan lanean: euskara lantzen, egokitzen, zabaltzen, herritarren esku ongi jantzita jartzen.

Bostak Bat Lantaldearen sorrera antolamendu estrategiko baten ondorio izan zen: egin-eginean, euskaldunak euskaraz jarduteko hiztegi mailan ezinbestekoak zituzten tresnak sortzeko gogoak eraginda. Hori dela eta, kultur elkarte honen hiztegi gehienak euskara hutsezkoak dira.

Bere idazlan garrantzitsuenen artean hauexek nabarmendu daitezke: «Sinonimoen hiztegia» (elkarlanean, 1984)‬, «Adorez hiztegiak: euskara-gaztelania = castellano-vasco» (elkarlanean, 2009)‬ eta «Eskola hiztegia: oinarrizko hiztegia»(elkarlanean, 2013).‬