https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Txingurri' Valverde, hamaika abentura bizitako entrenatzailea

Ernesto Valverde entrenatzailea./
Ernesto Valverde entrenatzailea.

Futbolari lanetan 15 urte eman zituen. Entrenatzaile lanetan, berriz, 17 urte daramatza

UNAI SARRIUGARTE

Ernesto Valverde Tejedor (Viandar de la Vera, Caceres, 1964) komunikabideetan dezente agertu da azken orduetan Liverpoolen aurka izandako porrotaren ondorioz (4-0 galdu zuten), Champions txapelketako finalaurrekoan. Hamaika abentura bizitako entrenatzaile eta jokalaria ohia da Valverde eta txikia zela bere familia Gasteizera etorri zen bizitzera. Bertako futbol taldean, hau da, Alavesen eman zituen futbolari profesional gisa lehenengo urratsak, Jose Luis Mendilibar eta Manix Mandiola entrenatzaileak taldeko kide zituela.

Futbolean ospea ekarri zion lehenengo aukera Javier Clemente Barakaldoko entrenatzaileak eman zion 1986-1987. denboraldian. Izan ere, 'Txingurrik' denboraldi hartan Espanyol futbol talderengatik fitxatu zuen. Urte horretan, Espanyolek Espainiako Futbol Ligan hirugarren postuan amaitzea lortu zuen.

Valverdek Espanyolen burututako denboraldi ikaragarriak eta Espanyol taldeak 1988. urtean jasaten hasi zen bolada ekonomiko kaxkarrak, Valverde Bartzelona taldera saltzea ekarri zuen. Bartzelonan Valverdek bi urte eman zituen. Baina, zoritxarrez, 'Txingurrik' urte horietan izandako lesioek extremadurar futbolari ohiaren futbol karrera lastatu zuten. Bartzelonan Valverdek 24 partida jokatu eta 8 gol sartu zituen.

Bartzelonatik Bilbora

Javier Clementek oso gustuko zuen Valverdek jokalari gisa aurkezten zuen teknika eta joko azkarra. Hori zela bide, 1990. urtean Valverde Athletic Clubek fitxatu zuen 125 milioi pezetagatik. Talde zurigorrian sei urte eman zituen eta Jose Angel 'Cuco' Ziganda nafar aurrelariarekin bikote aurrelari ikaragarria osatu zuen. Athletic Cluben, berriz, 188 norgehiagoka jokatu eta 50 gol sartu zituen. Futbolari profesional gisa azken pausuak Mallorca taldean eman zituen 1996-1997. denboraldian. Bertan, 20 partida jokatu eta hiru gol sartu zituen.

Bestalde, Valverdek entrenatzaile gisa orain arte egindako karrera oso esanguratsua izan da. 'Txingurri' sei talde ezberdinetan egon da 'mister' lanetan: Athletic Cluben (2003-2005) eta (2013-2017) urteetan, Espanyol (2006-2008), Olympiacos (2008-2009) eta (2010-2012) denboraldietan, Villareal (2008-2009), Valentzia (2012-2013) eta Bartzelona (2017-gaur egun).

Entrenatzaile lanetan bolada txar eta onak bizi izan ditu. Dena dela, azken 17 urteotan lortu dituen emaitzek 'coach' ezin hobea dela baieztatu dute. Izan ere, galdu nahiz irabazi aulkietatik igortzen duen lasaitasun, jakituria eta egote jakite horrek egun munduko entrenatzaile famatuenetariko batean bihurtu baitu.

Ligako 'mister' hoberena

Entrenatzaile gisa landutako ibilbideak sari bat baino gehiago irabaztera eraman du. Izan ere, 2013-2014. denboraldian Ramón Cobo Ligako entrenatzaile onenaren saria eskuratu zuen. Era berean, 2015-2016. denboraldian UEFAk Espainiako Ligako 'mister' hoberena izendatu zuen.

Entrenatzaile bezala, Greziako hiru Super-liga eta bi Liga irabazi ditu Olympiacos taldearekin eta Superkopa bat Athleticekin. Bartzelonarekin, berriz, Espainiako bi Liga, Kopa bat eta Superkopa bat bereganatu ditu.

Halaber, atzo Liverpoolen aurka Bartzelonak Anfielden sufritutako porrotak, berriro ere, 'Txingurrik' Bartzelonaren entrenatzaile lanetan burututako lana airean utzi du. Gainera, pasa den urtean Championsaren final laurdenetan Bartzelonak Erroma taldearen aurka galdu egin zuen.