https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Txillardegiren bizitza eta ondarea jasotzeko, lau liburu eta dokumental bat

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' idazlea./
Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' idazlea.

Euskara batuaren sorreraren 50. urteurrena dela eta, omenaldia egingo dio Korrikak asteburuan pentsalari eta idazleari; bertan ikusi ahalko da, lehendabizikoz, 'Txillardegiren klika' ikus-entzunezkoa

AMALIA IBARGUTXI

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' zenaren ekarpenari aitortza egiteko elkartu dira Korrika, UPV/EHU eta Jakin argitaletxea. Txillardegiren omenez plazaratuko dituzte lau liburu, egilearen gaikako antologia modura, 'Txillardegiren klika' dokumentala ere sortu dute pentsalari eta idazlearen bizitzaren ingurukoa, eta larunbatean, hilak 9, omenaldia egingo dio Korrikak, euskara batuaren 50. urteurrenaren harira.

Ekimenen sustatzaileek aurkezpenean azaldu dutenez, «norbere ertzetik baina elkarlanean» omendu nahi izan dute hiru erakundeek. Hala adierazi dute prentsaurrekoan Asier Amondo Korrikako koordinatzaileak, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, Jon Zarate UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak, Miren Rubio Txillardegiren biografiaren egileak eta Kote Camacho dokumentalaren zuzendariak.

Hasteko, euskara batuaren 50. urteurrena bete berri dela eta, Txillardegi omentzea erabaki du 21. Korrikak, «bereziki euskara batuaren aldeko lana aitortzeko eta eskertzeko», zehaztu du Amondok. «Arantzazuko Biltzarra, 1968koa, euskara batuaren sorrera-agiritzat jotzen da, baina orduko txostenaren aurrekariak Txillardegik jarri zituen, 1964an egindako Baionako Bileran», azaldu du.

Oroigarria jasoko du Txillardegiren familiak, egindako ekarpen guztiaren esker onez. Amaitzeko, Kote Camachok osatutako 'Txillardegiren klika' ikus-entzunezkoa proiektatuko da: 14. Korrikak Txillardegiri grabatutako elkarrizketan oinarritu dute filma. Hori oinarri, Harkaitz Cano, Bernardo Atxaga, Xabier Mendiguren zein Joxe Azurmendiren hitzek osatuko dute ikus-entzunezkoa, baita bestelako dokumentuek ere. «ETBko zintetatik Euskadiko Filmategiko apaletara, artxibo pribatuetan barrena ere ibili gara Txillardegiren bila», dio Camachok. «Desagertutzat emandako materiala eta inoiz argitaratu gabeko grabazioak ere topatu ditugu tartean».

Eneko Dorronsoro zinemagilearen laguntza ere izan du Camachok. Korrikaren omenaldi-ekitaldian ikusiko da aurrenekoz, eta ETBn nahiz sarean izango da ondoren ikusgai.

Liburu-bilduma ere bai

Jakinek eta UPV/EHUk elkarlanean 'Dabilen pentsamendua' izeneko liburu bilduma berria XX. eta XXI. mendeko euskal pentsalari eta kulturgileen lana ezagutzera emateko osatu dute. Egilekako eta gaikako antologiekin osatuko da, eta Txillardegiri eskaini diote bildumaren aurreneko saila.

Txillardegi kokatzeko, biografia dibulgatiboa idatzi du Miren Rubio kazetariak: 'Txillardegi. Batasunaren pentsalaria'. Kronologikoki, bere pentsamenduak eta bizipenak nola gurutzatzen diren ulertarazteko sortutako testua da. Jone Forcada emaztea, Joxe Azurmendi filosofoa –hitzaurrea ere osatu duena–, Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzalea, Patxi Zabaleta abokatua eta Aralarreko koordinatzaile ohia, Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakaria eta euskaltzaina, eta Pilartxo Etxeberria eta Fito Rodriguez UPV/EHUko irakasle ohiak elkarrizketatu ditu, besteak beste.

Txillardegiren testu hautatuekin eman diote sailari jarraipena. Euskara batua, nazio auzia eta hizkuntzaren filosofia ardatz hartuta beste hiru liburu argitaratu dituzte. Testuen hautaketaz Alaitz Aizpuru Joaristi arduratu da. Filosofian lizentziaduna da Aizpuru, eta Txillardegiren ekarpena ikertutakoa ere bada.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos