https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg
Garazi González - Emagin, dantzari eta futbolaria

«Txikitatik datorkit dantzaren aldeko grina»

«Txikitatik datorkit dantzaren aldeko grina»

UNAI SARRIUGARTE

Emagina, dantzaria eta egun futbolaria den arrigorriagatarra dugu Garazi Gonzalez. Lauaxeta Ikastolan hezi eta Erizaintzako gradua kurtsatu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Txikitan Medikuntza ikasi izan nahi zuen, edonola ere Emagintzan berezitu egin zen Budapesten. Zortzi urterekin dantzaren munduan murgildu zen Bakioko Itxasalde Dantza Taldearen eskutik, harrezkero bertan dihardu euskaldunontzat hain preziatua den tradizio hau sustatu eta hedatzen. Gainera, azken urteotan bere familian hain jarraitua den futbolean lehen urratsak eman ditu.

- Zergatik aukeratu zenuen erizaintza gradua ikastea?

- Beti gustatu izan zait jendea zaintzea eta osasun arloarekin erlazionatutako zerbait ikastea nahi izan dut beti. Hasiera batean medikuntza egitea pentsatu nuen, baina zoritxarrez medikuntza egiteko ez ninduten hautatu eta erizaintzan sartzea erabaki nuen eta egun ez naiz damutzen. Erizaintzan sartu baino lehen jada banuen pentsatuta emagina izatea nahi nuela, helburua horixe bera baitzen. Txikitan irakasle izan nahi nuen.

- Zelako esperientzia izan zen zuretzat emaginaren berezitasuna Budapesten kurtsatzea? 

- 2 kurtso eman nituen Budapesten emagin berezitasuna ateratzen. Bere alde gogorra eduki zuen, batez ere ingelesa eta etxetik kanpo egotea gogor xamarra izan zen. Esperientzia moduan oso positiboa izan zen. Hasieran arraro egiten zen, baina, ingelesa menderatuz gero ez da batere zaila. C1 maila daukat ingelesean, hau da, Advance maila.

- Zenbat urte daramatzazu dantza egiten? Zerk animatu zintuen dantza munduan murgiltzera?

- 7 urterekin hasi nintzen dantzaren munduan, hau da, egun 18 urte inguru daramatzat dantza egiten. Txikitatik datorkit dantzaren aldeko grina. Txikia nintzela aitarekin dantza saio bat ikusten egon nintzela gogoan dut. Hori zela bide, dantza talde batera apuntatu nahi nintzela helarazi nion nire aitari. Egun konkretu hartan dantza talde batera hurbildu nintzen, dantza talde hau Bakioko Itxasalde Dantza Taldea zen. Taldeko zenbait kidek larunbatero egiten zuten dantza entsegu batera joateko animatu ninduten, eta, harrezkero 18 urte daramatzat larunbatero bertara joaten.

- Itxasaldek urtero nazioarte mailan egonaldiren bat egin izan ohi du. Egonaldi hauetako kontakizunen bat nabarmenduko al zenuke?

- Itxasalderekin nire lehenengo bidaia Veneziara (Italia) izan zen, pasarte mordoa ditut. Baina, Venezian lehenengo ekitaldian aurkeztu gindutenean euskal ereserkia entzutean sentitu nuen zirrara nabarmenduko nuke.

- Euskadi mailan dantza entsegu eta ekitaldi asko burutu izan dituzue. Bertako pasarteren bat nabarmenduko al zenuke?

- Pasa den Aste Santuan Bilboko Basque Fest jaialdian parte-hartu genuen. Talde modura festibal honetan esku hartzea harro egoteko modukoa da, oso hunkigarria izan zen, errepikatzeko moduko esperientzia.

- Duela urte eskas bat futbolean jokatzen hasi zinen Bakioko Atxurre Futbol Taldean. Zerk animatu zaitu futbol munduan murgiltzera?

- Futbola betidanik gustuko izan dut, oso Athleticzalea naiz. Nire nebak bizitza osoa darama futbolera jolasten, egun Indartsu Futbol Taldean dihardu jokalari. Duela hiru urte jokatzen hastea pentsatu nuen, baina, Erasmusean eta Emagintza berezitasuna kurtsatzen kanpoan egon naizenez, itxaron behar izan nuen. Orain izan da momentua, orain ez banuen egiten sekula ez nuen egingo.

Temas

Euskera