https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Txikia izanik

Musika emanaldi batek bildutako jendetza taberna batean./
Musika emanaldi batek bildutako jendetza taberna batean.
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Joan den 2030. urtea ezin hobea izan da Marta Larrearen ibilbidean. Musikari eta konpositoreak guztiz denboraldi bikaina biribildu du aurten. Bere garaian 'Fito y Los Fitipaldis', 'Berri Txarrak' edota 'Eskorbuto' taldeei gertatu zitzaien legez, Martaren oihartzuna, amesten zuen baino askoz urrutirago heldu da. Bere azken biran sarrerak agortu dira ekitaldi gehienetan eta bere azken lana, Sold Out izenekoa, hain zuzen, gehien deskargatuen artean kokatu da plataforma gehienetan. Bilbon emango du gaur bukatutzat bere bira eta ekitaldi aurreko entseguan harrapatu dugu gurekin zuzenean hitz egiteko.

Egun on, Marta. Hasi baino lehenago, eskerrik asko zure entseguan atsedenaldia hartzeagatik gurekin berba egiteko. Zelan sentitzen zara berriro etxera bueltan?

- Egun on. Plazer bat da niretzat zuekin hitz egitea. Hemen Bilbon hasi zen dena eta hona bueltatzea beti da zerbait apartekoa eta berezia.

-Zeintzuk dira zure arrakastaren gakoak?

- Bueno... beharbada ni ez naiz pertsonarik aproposena horretaz mintzatzeko. Horretarako daude kritikariak eta adituak. Hori bai, pentsatu nahi dut badaukadala zerbait publikoarekin konektatzeko orduan, bestela ezinezkoa izango litzateke horrenbeste maitasun eta berotasun jasotzea... Gakoak bilatzeko orduan, nik taberna txikietan egindako emanaldiak aipatuko nituzke, jakina.

-Eta hori?

- Taberna txikietan artista bezala koskortu nintzen. Ikastetxe ezin hobea da jendaurrean aritzeko. Gainera, egoitza horiek ez egotekotan non hasi? Tabernek izan ezik, inork ez du artista ezezagun bat kontratatzen. Zuk aipatutakoak eta beste asko taberna eta egoitza txikietan hasi ziren. Kontuan eduki interneten hedapenarekin diskogintza bertan behera amaitu zela. Nire lehenengo grabaketak nik neuk produzitu nituen eta horrelako kontzertu txikietan saldu egiten nituen.

-Horrelako kontzertu txikiak, behar den moduan zaintzen al dira zure ustez?

- Uff, ez pentsa. Batzuetan gure agintariek ez dute horren garbi ikusten. Ni oso txikia nintzela, 2019. urtean Eusko Jaurlaritzak horrelako emanaldiak hilabetean behin bakarrik baimentzeko araudi bat argitaratu zuen. Eskerrak musikari eta tabernarien erantzuna oso sendoa izan zela eta atzera jo zutela. Gobernarien jarrera oso garrantzitsua da bertoko musikak bizirik iraun dezan. Jaialdi erraldoiak oso ondo daude, baina bertoko produktua bermatzeko orduan, formatu txikiak zaindu behar ditugu, bestela jai.

-Eta gaurkoz bukatzeko, aipatzekotan, zure jardueran zeintzuk izan dira alderdirik onena eta txarrena?

- Begiratu. Nire inguruan aritzen den jendea pozik ikustea alderik hoberena da, duda barik. Artista baten atzean zeregin ugari mugitzen dira: argiztapena, soinua, catering-a, grabazioak, promotoreak, honetaz bizitzen diren kazetariak, produkzioa... lanpostu pila bat dago tartean. Hori ere kontuan hartu behar lukete politikariek.

-Eta txarrena?

-Ba tamalez, txarrena fikziozko pertsonaia bat besterik ez naizela. Ez dago batere garbi egunen batean existituko naizenik ere. Honela jarraitzekotan etorkizunean bertoko artistek ez dute behar duten arnasa izango, ez dutelako oinarrizko azpiegiturarik edukiko. Ez nago arauen kontra, zaindu behar baitira egoitza txikien bolumena eta edukiera, baina hazi nahi duten artistak zaintzeko eta bultzatzeko egin behar dira, ez oztopoak jartzeko. Zain dezagun musika, mesedez, faborez, arren.