Borrar

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Orain dela aste pare bat, balea bat hil zen Thailandian. Astelehen batean ikusi zuten, ur gainean, geldirik, eta ostiralean hil zen. Bost egun iraun zuen bere agoniak. Natura krudela da, eta heriotza bizitzaren parte da, baina zenbait heriotza saihets litezke. Bale horrek 80 plastiko poltsa zituen urdailean. Hesteetako min izugarria pairatu zuen animaliak.

Apirilean, kaxalote bat hil zen Murtzian, urdailean 29 kilo plastiko zeramatzala. Itsasoak zabortegi bilakarazten ari gara. 8 milioi plastiko eta mikroplastiko tona botatzen dira urtero itsasora, eta zaborra horrek 1,5 milioi itsas animaliren heriotza eragin zuen. Gainera, plastikoak urteak eta urteak behar dituela desagertzeko, ondo asko dakigu denak.

Balearen heriotzak, bai noski, sumindura piztu zuen sare sozialetan, baina, gero, hondartzara joaten garenean txerriak bagina bezala jokatzen dugu.

Geure etxeetan ez dugu zaborra uzten sofa gainean edo lurrean sakabanatuta; baina hondartzetan, bai. San Joan gauak ehunka tona hondakin utzi zituen. Egunsentian atera ziren argazkiak nazkagarriak eta beldurgarriak ziren, baina errealak. Argazki horiek izan ziren geure gizartearen selfi oso esanguratsuak. Gure etxean egiten dugunaren eta kalean egiten dugunaren artean alde handia dago; eta, nire ustez, are handiagoa sare sozialetan esaten den eta errealitatean egiten dugunaren artean. Zabor hori guztia ez zuten politikariek bota; herritarron erantzukizuna da. Hain suminduta azaltzen garenon erantzukizuna.

Ozeano Barean plastiko irla bat dago eta irla horren hedadura da Alemaniak, Frantziak eta Espainiak betetzen dutena baino handiagoa. 1,8 bilioi plastiko pieza pilatzen dira han. Mundiala hasiberria da eta Senegalek eta Japoniak gola sartu dute jada ingurumenari dioten errespetua erakutsiz. Aldiz, hondartzak zaborrez beterik utzi dituztenek ez dute merezi entretenimendu handirik, bazterrak zikindu barik ondo pasatzen ez dakitelako. Turkiaren atzetik, Espainia da Mediterraneora plastiko kopuru handiena botatzen duena. Txapeldunorde. Hori bai hobetu behar genukeen marka, hori bai garrantzitsua eta mundiala.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios