https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Txalo urrunak

Gazteei eskainitako programa izan arren, gaurko begiekin ikusita oso erritmo geldoa dauka Aplauso saioak

Silvia Tortosa, Aplauso programa aurkezten./Youtube
Silvia Tortosa, Aplauso programa aurkezten. / Youtube
ROBERTO MOSO

Gaueko ordu txikietan. Lo egin ezinik. Egongelara noa. Telebistako gaueko eskaintzan ez dut merezi duen ezer aurkitzen. Errepikapenak, igarleak, Estatu Batuetako ume hiltzaileak, estralurtarrak, nazien kontuak -harrigarria zenbatetan aurki daitezkeen bigarren mundu gerraren pasadizoak historia kanaletan-...

Bat batean Espainiako telebista publikoaren artxiboarekin egiten dut topo... 'El Hombre y la Tierra', 'Cañas y Barro', 'Curro Jimenez', 'Crónicas de un Pueblo', 'Cantares'... 'Fortunata y Jacinta'. Agian , egunen batean, horietako saio batekin gozatzeko gai izan nintzen. Gaur egun pantailan agertzen den irudiaren ikuste hutsak deprimitzen nau zeharo. Miaketan, azkenean, badago interesgarri izan daitekeen zerbait, morboagatik besterik ez bada ere: 'Aplauso', 1979. urteko ale bat. Begirada bat botako diot.

Aurkezpeneko sarrera esanguratsua da oso. Programaren lantalde osoa bere zereginak erakusten: argiztapena, koreografia, dekoratzaileak, zuzendaritza... Garai hartako sintonia 'modernoa' luzaroan entzuten den bitartean, lankide guztiak jo eta ke dihardutela ikusteko aukera eskaintzen digute.

Hurrengo irudietan, platoan dagoen jendetza txaloka. Txaloak errealizadore batek eraginda daudela nabaria den arren, berdin die. Txaloak luzatzen dira infinituraino, gaurko inongo programatan ikusezin izango zen legez.

Azkenik Silvia Tortosa aurkezlea irribarretsu agertzen da saio horren edukiak zenbatuz: «Quincy Jonesen 'The Wiz' film musikalaren aurkezpena, Diana Ross protagonista izanik eta 'Jackson Five' taldeko txikienaren partaidetza nabarmenarekin, Michael Jackson izenekoa alegia; bideoklipetan Beatles taldeko partaide ohien nobedadeak, Paul McArtney eta George Harrisonenak hain zuzen; Umore atalean 'Arenas y Cal' bikoteak datorren mundu mailako futbol txapelketaren maskota epaituko dute: 'Naranjito'; portadan Miguel Gallardoren azken diskoaren aurkezpena; 'La Juventud Baila' lehiaketaren beste kanporaketa bat eta espainiar musikari eskaintzea gustuko dugun txokoan, indartsu datorren paregabeko beste artista bat: Isabel Pantoja».

Gazteei eskainitako programa izan arren, gaurko begiekin ikusita oso erritmo geldoa dauka saioak. Egia esan, inoiz ez nintzen oso aplausozalea izan, zenbait aldiz ikusle pasiboa izan nintzen, aukera gehiagorik ez zegoelako urte horietan, baina nahiko erritmo biziko programa zelakoan nengoen. Gaurko betaurrekoekin ikusia, ordea, deigarria da oso, zer patxadazko errealizazioa zeukan.

Agertzen diren artista guztiek hiru kantu eskaintzen dituzte eta guztiekin elkarrizketak egiten dira. Nabaria da audientzien norgehiagoka oraindik ez dela hasi. Kate pribatuekin abeslariak -Talent-Showetan salbu- paradisutik kanporatuak izan ziren.

Isabel Pantojaren agerpena zirraragarria da. Hor dago, hemeretzi urterekin, hortzak oraindik konpondu gabe, distira begietan, eszenatokian mugitzen, mundua jan nahi duen ausardiarekin... «Presume porque puede/ de su palmito/ el señoritooooo». Etortzeke zeuden Paquirri, Maria del Monte, Kiko Rivera, Julian Muñoz, kartzela... a zer zama izan daitekeen fama!

Oherako itzuleran Hertzainak taldeko abesti baten leloa burutik kendu ezinik: Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos