https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Tutu barruan

Mediku bat, plaka batzuk aztertzen./
Mediku bat, plaka batzuk aztertzen.
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Berriro ospitale erraldoi honen atarian. Hemen munduratu nintzen. Hemen jarri zizkidaten bi igeltsu besoan, nerabezaroan. Hemen jaio ziren gure alabak eta hemen igaro nuen denboraldi dezentekoa joan den udaran, urdailak nire kontrako matxinada antolatu zuenean. Horren ondorioz gaur erresonantzia magnetikoa egingo didate, urdaila eta biok sinatu genuen bake-hitzarmena zer egoeratan dagoen aztertzeko. «Marra berdeari segi mesedez». Marra berdearen bukaeran itxarongela dut zain. Bertan daudenen aurpegietan nire aurpegi bera ikus dezaket. Pazienteak. Hori bai deitura aproposa.

Besaulki batean utzitako egunkari bat hartzen dut. Athleticen egoera dela eta negar egiteko zazpi orrialdeak pasa eta gero, Marta Ortegaren, ZARA inperioko nagusiaren alabaren ezkontzarekin egiten dut topo. Jamie Cullum, Chris Martin eta Norah Jones bertan jotzeko kontrataturik. Bi milioi eurotik gorako aurrekontua musikarientzat. «Aberats berrien zarrastelkeria», kronikariaren iritziz. Martaren soinekoari buruzko gorabeheretan murgilduta nagoelarik, nire izena entzuten dut. Gela handi baten barruan zain ditut erizainak eta laster irentsiko nauen tresneria. «Alda zaitezke aldagela horretan, galtzontzilotan eta galtzerditan geratu eta ohe-atorra hori jantzi».

Ahoz gora etzanda eta legearen harlauzen moduko tramankulu bat bularrean jarrita, galderen eta argibideen txanda dator. Ez, ez daukat metalezko inplanterik. Ez, ez dut alergiarik. Arazoren bat izanez gero eskuan daukadan etengailuaren botoia sakatu beharko dut. Prest nago tutuan sartzeko. Azken betebeharra: entzungailuak, kanpoko munduarekin konektaturik mantenduko nauena.

Sartu baino lehen bertan entzuten den zaratak bateria batena ematen du. Kaxa eta 'charles', txipi-txapa txipi-txapa... Nire gorputz osoa tutu estu baten barruan sartzen da. Ezinbestean, bizirik lurperatuez gogoratzen naiz. Hobe begiak itxi. Beste nonbaiten nagoela irudikatu. Bat batean ezuste galanta: 'Kaskoetan' doinu bat entzuten da... Denon ahotan dagoen Rosalia hori al da? Ba bai, irrati-formulako lokutore ohiko batek segidan baieztatuko du. Aspaldiko partez eta ustekabean 'Los Cuarenta Principales' entzuten ari naiz. Norbait, irratia entzutea lasaigarri ederra izan daitekeelakoan omen dago. «Coja aire, eche aire, no respire...respire». Ahots exekutiboa musikaren gainetik inposatzen da. Baita beste zarata batzuk ere: Mailukada metalikoak? Telefono erraldoi baten dei-hotsa? Itsaspeko baten alarma? Halako hots estralurtarrak beharrezkoak omen dira nire gorputzaren egoera aztertzerakoan. Nik ulertzen ez dudan prozedura baten bidez medikuaren ordenagailuan agertuko dira gero plakak. Nire errai ezezagunen argazkiak.

Irrati-formularen abesti guztiak antzekoak iruditzen zaizkit. Kantuetan aldaketa minimoak sumatzen ditut. Batzuetan lelo baten errepikapena besterik ez dira. Alderdi instrumentalak ziztu bizian amaitzen dira, entzulea ez nekatzeko edo. 'Bohemian Rhapsody' edo 'Ziggy Stardust'-en tankerako konposizioek ez lukete lekurik izango egungo efe-emetan... gure aita bezalakoa bihurtzen ari ote naiz? Berari ere nire gustuko musika oso sinplea iruditzen zitzaion...mmm. «Coja aire, eche aire, no respire...respire». Eskerrik Asko, amaitu dugu. Tututik ateratzean berpiztuta sentitzen naiz. Aleluia.

 

Fotos

Vídeos