https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Tuterako Argia ikastolak antolatuko du datorren urteko Nafarroa Oinez

Nafarroa Oinez-eko arduradunak./
Nafarroa Oinez-eko arduradunak.

Maite Elias Uria gipuzkoarrak sortu ditu bai goiburua eta baita logoa ere. 'Izan Argi' lelopean, euskara eta ikastola izango dituzte ardatz: bizi duten «hizkuntzaren garapenaren testuingurua eta jomugan dugun marko pedagogikoa»

AMALIA IBARGUTXI

Altsasuko Iñigo Aritza ikastolan egin berri dute aurtengo Nafarroa Oinez, eta jakinarazi dute Tuterako Argia ikastolari egokitu zaiola datorren urtekoa egitea, urriaren 20an. Festaren leloa eta irudia aurkeztu dituzte.

'Izan Argi' goiburuarekin, euskara eta ikastola izango dituzte ardatz. Bizi duten «hizkuntzaren garapenaren testuingurua eta jomugan dugun marko pedagogikoa. 'Izan' da Ikastolen Elkarteak marko pedagogiko honi eman dion izena, eta'Argia', gure ikastola». Logoak ere ideia horiek irudikatzen ditu, «euskararen finkapenaren sinboloa» omen da. Maite Elias Uria gipuzkoarrak sortu ditu bai goiburua eta baita logoa ere.

Argia ikastolako komunitateak nahi du Nafarroa Oinez Erriberako jende guztiaren festa izatea, eta proiektuak ematen duen oihartzuna Erriberaren erakusleiho izatea. Horregatik, adierazi dute «besoak zabalik» hartuko dituztela nolabait ekimenean parte hartuko duten lagun guztiak.

«Gure zonaldeak duen aniztasun berezia kontuan hartuta, elkar ezagutzeko eta onartzeko, gure ondoan eta gurekin bizitzen ditugun askotariko sentsibilitateetara hurbiltzeko, eta ikastolako komunitate osoa eta bere ingurua aberasteko aukeratzat» dute antolatzaileek Nafarroa Oinez.

Izan ere, gaineratu dute, «euskara eta euskal kultura lantzen eta indartzen» dituztela egunerokotasunean, eta horrekin batera, «euskara delako gure hizkuntza eta gure kulturaren zutabea, eta ikastola delako gure hezkuntza eredua. Argia ikastolak eta bere esperientzia luzeak kalitatezkoa eta euskalduna den hezkuntza eredua bermatzen du».

Argia Ikastolak 1984ko azaroaren 5ean hasi zuen ibilbidea, bost neska-mutil eskolak euskaraz jasotzen hasi zirenean. 2000. urtean ikastetxea handitzeko lanak egin zituzten. 2006an izendatu zuten legezko, ez-euskalduna izendatuta dagoen eremuan dauden beste ikastolekin batera. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak dituzte egun.

Herri askotako ikasleak dituzte: Tutera, Fontellas, Cintruénigo, Corella, Cascante, Murchante, Alesbes, Cadreita, Arguedas, Castejon, Buñuel, Cortes eta Ribaforadakoak, adibidez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos