https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Trump-en garaiko estatubatuarrei umoretik begira Campos Elíseos Antzokitik

'Aiguantulivinamerica 2' ikuskizunaren kartela. /Goyo Jiménez
'Aiguantulivinamerica 2' ikuskizunaren kartela. / Goyo Jiménez

Hilaren 16tik 26ra Campos Elíseos Antzokian izango da ikusgai Goyo Jimenezen 'Aiguantulivinamerica 2' ikuskizuna

AMALIA IBARGUTXI

«Trump-en Estatu Batuek eskatzen dutena da show berria». Goyo Jiménez umoristaren arabera, horixe da, hain zuzen, bere ikuskizun berriak eskainiko diena ikusleei. Abuztuaren 16tik 26ra Campos Elíseos Antzokian izango da ikusgai 'Aiguantulivinamerica 2' ikuskizuna.

Ez da lehenengo aldia Bilbora datorrena Melillako umorista. Europa Press-i egindako adierazpenen arabera, kosta egiten zaio bizkaitar hiriburuan izan den aldi kopuru zehatza oroitzea. «'Goyo Jiménez' markapean zortzi edo bederatzi urtez izan naiz Bilbon. Lehenago, ordea, Club de la Comediako lankideekin eta 'Cinco hombres' eta 'Cinco hombres y mujeres' ikuskizunekin ere izandakoa naiz hemen. Marijaiarekin adostuta daukat: ni ez banaiz etortzen, Aste Nagusirik ere ez da Bilbon».

Jiménezek harreman egonkorra dauka bere bilbotar ikusleekin. Hainbestekoa, hotela urte batetik bestera erreserbatzen duela behin hirian dagoenean. Azaldu duenez, arrazoi pribatuak direla medio hirian izan denean ere zale askok komentatu omen diote: «Ez esan hemen zaudela! Nolatan zu hemen?». Bere ustez, «Aste Nagusian parte hartzeak hiriko paisaian integratzen zaitu, bertako bilakatzen zaitu. Eta oso berezia da hori, ia-ia liturgikoa».

Horrela, 'Aiguantulivinamerica 2' ikuskizunarekin, jai-giroa are gehiago alaitzen saiatuko da. Interneten «milioika» lagunek ikusitako bideoen 'prekuela' modura aurkeztu du show-a. Umoretik Donald Trump-en gidaritzapean dagoen herrialdea aztertuko du, seriotasuna alde batera utzita betiere. AEBek «oihuka eskatu duten» ikuskizuna dela nabarmendu du, «lasaitasunetik ikustea» gomendatzen duena.

Orain arteko saioek «erantzun ona» jaso dutela esan du Jiménez-ek. Jendeak gehien adierazten diona bere burua «gainditu eta hobera egin duela» izan da. Beste ikuzkizunen diskurtsoa nahasiagoa zenez, tesi antzera prestatu du oraingoan 'Aiguantulivinamerica 2', «arrazionalki azaltzen saiatzeko zergatik diren estatubatuarrak diren bezalakoak eta, zergatik gu, garen bezalakoak».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos