Trenak literaturan
Trena zibilizazioaren ikur bilakatu zen, progresuaren tresna eta aurrerapenaren jostailu
Mundua nondik begiratzen den, zaldiaren gainetik ala oinez gabiltzala, aldea dago. Zaldiz doanak beste ikuspegia du, goitik begiratzen dio inguruan dituen gauza orori, eta, une batez, goitik begiratze horrek goitasun irudia ekartzen dio, lurraren azalean oinez, edo ia arrastaka, dabiltzan gizon-emakumeengandik bereiziz. 'Zaldun' hitzak, gaur egun ez du lehen zuen esanahia. Egia da euskaraz ez dela oso hitz erabilia izan, baina Arestik maitea zuen, hitzaren muinetaraino iritsia baitzen. «Ez dugu zaldirik, ez gara zaldunak/ ez dugu abererik, ez gara aberatsak». Jabetzak erabaki du, nonahi, norberaren maila gizartean. 'Jabedunak' jaun eta jabe dira, oraindik ere, askotan ez badirudi ere. Eta jabegoa ezkutukoa bada ere, gehienetan toki gorde eta urrunetako kontu opakoetan gordea eta desitxuratua, isla eta indarra agerikoa du. Zaldunak oinez zihoanari ere goitik so egiten zion, eta horrek oinezkoaren mendekotasuna azpimarratzen zuen, azpian egoteagatik, jakina.
Automobila zaldizko ibilaldiaren ordezko egin da, baina, ez eremu sinbolikoan, oso zabaldua baita haren erabilera. Txiroenak ere beren ibilgailuaren jabe dira, eta ikusmira horretatik, alde handirik ez aberatsekin. Baina trenak ibiltzen hasi ziren garaietan bai zegoela ezberdintasunik, trenez ala zaldiz, edo trenez ala oinez ibiltzea. Trena zabaldu zen neurrian, zabaldu zen munduaren ikuskera klase bat, industrializazioarekin zerizan eta zerikusi zuzena zuena. Trena zibilizazioaren ikur bilakatu zen, progresuaren tresna eta aurrerapenaren jostailu. Trenak munduari mesede gehiago ekarri dizkio kalteak baino. Literaturaren ikuspegitik begiratuta, trenaren abantailak handiagoak dira zaldiarenak baino. Zaldiak, izan ere, On Kixote eraman eta ekarri digu. Zaldiak Montaigne lurrera botatzeagatik dauzkagu, besteak beste, 'Entseguak' gozagarri. Baina literatura modernoa ezin da ulertu tren eta trenbiderik gabe.
Lizardiren 'Bultzi-leiotik' euskaraz idatzi den poemarik ezagunenetakoa da. «Zure bazter,/ gurazko aberria,/ doa zoro/ ta (bertan ni) bultzia…». Trenak atzean utzi ditu begiak finkatu nahi lituzkeen gizaki eta gauzak oro, eta gogoak ezin horiei eutsi, begiratu orduko galdu dira eta haiekin batera une bateko sentipen eta desirak. Poema malenkoniaren irudia da: dena badoa eta ni ere bai; aurrera goaz baina ez nahita, halabeharrez baino, «beeko bear goriak» bultzaturik, gehiago da ikusitakoa ikusteke dagoena baino. Malenkonia paisaian da margotzen, urruntzen ari den unea betiko gorde nahian, eta betikotasun hori iraun dadin desirapean. Nahi eta desira, ezintasunaren amildegira jaurtiak, betikotasunaren aurka porrokatuak. Ezer ez du irauten, beheko lur honetan, hemengo zeregin minetan.
Irudiak dira, denbora joanaren mugak. Trenaz eta trenean idatzi du Luis Gardek. Irakurri 'Trenen abiadura' liburua. Gaurko trenak ez dira lehengoak, neurri batean. Abiadura askoz handiagoa darabilte oraingoek. Lizardiren garaian paisaia gizakoia zen artean, leihotik ikus zitezkeen nekazariak zutik, edo lanean makurturik; bereiz zitezkeen zuhaitzak eta igaliak; eta mira zitezkeen txoriak eta beren hegaldiak. Gaur, nekez. Paisaia, horregatik, ezin berdina izan. Ezta guk bera begietan eramateko modua ere.