Borrar
Garazi Arrulak Itzulpengintza eta Interpretazio ikasketak egin zituen EHUn. E.C.
«Trebeak gara komunikazio planak diseinatzen, baina aurrez aurrekoan herren egiten dugu»

«Trebeak gara komunikazio planak diseinatzen, baina aurrez aurrekoan herren egiten dugu»

Garazi Arrula Ruiz, idazleak, 'Gu orduko hauek' argitaratu du, zortzi ipuinez osatutako bere lehen liburua

iRAITZ uRKULO

Domingo, 4 de marzo 2018, 00:20

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Garazi Arrula Ruiz (Tafalla, 1987) literaturaren inguruan bizi da aspaldidanik. Itzultzaile gisa, haurrentzako eta helduentzako zenbait literatura-obra ekarri ditu euskarara; horien artean, Anaïs Nin, F. Scott Fitzgerald edo Walter Benjamin bezalako autoreen lanak. Berriki, Amélie Nothomb-en ‘Hodien metafisika’ aurkeztu du (Igela, 2017). ‘Gu orduko hauek’ da idazle moduan kaleratu duen lehen liburua (Txalaparta, 2017). Gizakion arteko distantziaz eta elkarrekiko komunikazio-zailtasunez dihardu hartan jasotako zortzi kontakizunetan.

-Orain arte itzultzaile moduan ezagutzen zintugun. Zerk bultzatu zaitu zure lehen ipuin-liburua argitaratzera?

-Bi jardunak ez daude elkarrengandik hain urrun. Biak paraleloan egin ditut nik, nahiz eta ‘tempo’ak ez diren berdinak izan. Presarik ez nuen argitaratzeko, eta balantzaren pisuak agindu du azkenean: uneren batean pisutsuegia egin zitzaidan idatzitakoa gordetzen jarraitzea, eta orduan erabaki nuen pribatua zena plazaratzea.

-'Gu orduko hauek'. Izenburu bitxia. Ipuin guztietan aurki ditzakegun elementuak biltzen omen ditu.

-Azken ipuinaren izenburua da, eta hasieratik nuen argi horixe jarriko niola liburuari ere. Ipuin guztietan bada hauetakoren bat: izaera kolektiboa, distantzia askotarikoak eta bestetasuna. Iruditu zitzaidan izenburuak hirurak jasotzen dituela.

-Egoera arruntetatik abiatutako literatura gustuko duzu?

-Esanen nuke egoera arruntak aunitz gordetzen duela artifizialetik eta dekoratutik. Esperantza ere hor beharko genuke; gehiengoak dira egoera arruntak. Gainera, egoera arruntei esker daude egoera ezohikoak, edo egoera ezohikoak daudelako deitzen diegu besteei arrunt.

-Gizakion arteko komunikazioa zure pertsonaiek aditzera ematen duten bezain zaila al da?

-Uste dut pentsatzen dugula zaila dela, baina labur geratzen gara. Beti jartzen dut adibide bera, oso argigarria iruditzen baitzait: ustez, galderak egiten dira erantzun baten bila. Kazetariok ongi dakizuenez, baina, galderak beste hamaika funtziorekin egiten dira: zerbait aurpegiratzeko, berresteko, kexatzeko… Gaitasun handia dugu komunikazio planak diseinatzen, eta aurrez aurrekoan herren egiten dugu.

Miseriak ageri

-Ez dirudi, hala ere, protagonisten komunikatzeko ezintasunak eta, oro har, bizi duten egoerak sufrimendua edo frustrazioa eragiten dienik.

-Liburuaren aurkezpenean nioen inork desiratuko ez lituzkeen bizitzak direla. Hori erlatiboa da, noski; okerrago dagoen norbaitek desiratuko ditu, beharbada. Miseriak ageri dira, baina zertarako izan miserable? Nik sufrimendua ikusten dut pertsonaien esanen eta ekintzen atzean, baina igual ez naiz pertsonarik onena hori juzgatzeko.

«Saiatu naiz ekintzek pertsonaien tripa, eztarri eta azalean zer arrasto uzten duten adierazten»

Idazle-estrategiak

-Protagonisten pentsamenduei eta deskribapenei eman diezu lehentasuna, sentimenduak bazterturik.

-Pertsonaien ahotsei eman diet lehentasuna; hirugarren pertsonan kontatuta ere, narratzailearen ahotsa baino gehiago, pertsonaiaren baten ikuspegitik kontatutakoa izanen da. Saiatu naiz juzgutan ez sartzen, eta bestela adierazten ekintzek zer arrasto uzten duten pertsonaien tripa, eztarri eta azalean.

-Gehienetan, irakurleek beraiek asmatu behar dute kontakizun bakoitza non eta noiz kokatzen den.

-Batzuetan esplizituki esaten da, eta beste batzuetan egoeren edo gertakarien bidez igar dakieke. Hala ere, ez da deus gertatzen ez asmatuta ere; nire buruan ipuinek badute leku eta data jakin bat, baina ezaugarri beretsuko beste herri edo hiriren batean ere gerta zitezkeen. ‘Etorria’ ipuina, kasurako, Gasteiz izan daitekeen hirian gertatzen da. Ez da irakurleari jarritako ariketa bat.

-Zein da leku horien funtzioa? Badute inolako eraginik ekintzan edo pertsonaiengan?

-Eider Rodriguezek azken liburuaren harira lekuei buruz esandakoak nire eginen nituzke. Lekuek, espazioek, paisaiek eragina dute, noski, izaeran eta ekintzetan. Geroz eta gehiago aztertzen da espazioek gorputzetan duten eragina; Blanca Pujals arkitektoari irakurri nion halako zerbait. ‘Gu orduko hauek’ liburuaren kasuan, agertoki dira oro har; horrek ez du esan nahi, ordea, apaingarri huts direnik.

«Pertsonaia gehienak ipuina hasi aurretik ere bizi dira eta ipuina bukatu eta gero ere bizirik segitzen dute»

Puska bat

-Hasiera eta amaiera sendorik gabeko ipuinak dira gehienak, nabarmentzea merezi duena tartean gertatzen dena balitz bezala… edo istorio zabalago baten parte balira bezala.

-Bukaera batzuk efektistagoak dira, eta beste batzuetan ez da ‘deus’ gertatzen. Pertsonaia gehienak ipuina hasi aurretik ere bizi dira eta ipuina bukatu eta gero ere bizirik segitzen dute. Nik puska bat kontatu dut; batzuetan kolpe batekin batera jarri dut amaierako puntua, eta beste batzuetan haien bizitzako beste tarte bat hautatu dut.

-Bizitzan maiz gertatzen den bezala, zure protagonistek kontu garrantzitsuenak isiltzen dituztela esango nuke. Hala da?

- Hizkuntzaren erabilerarekin du horrek lotura, lehen aipatu ditudan galderekin. Kuriositatea sortzen didan zerbait da pragmatika; nola esaten dugun bezala, zer ez dugun esaten, eta esaten den horrekin zenbat uzten den interpretaziorako. Hizkuntzaren bidez kontu garrantzitsuak egin egiten ditugu, egunero; kontua da ez diogula hizkuntzari balioa ematen, edo, bestela, ez garela horretaz kontziente.

-Zeuk ere garrantzitsuena isildu nahi izan duzu ipuinetan? Hau da, zuretzat garrantzitsua da irakurleak istorioa osa dezan edo, bestela esanda, hartzaile huts izan ez dadin?

-Gauza garrantzitsu aunitz ekintzen bidez esaten direla iruditzen zait, eta isiltzen den hori oso ozen isiltzen da. Gehienetan, guztia murtxikaturik ematen ez duten testuetara jotzen dut. Beharbada horregatik, tarteka estimatzen ditut hartzaile huts izatea eskatzen didaten irakurketak.

-Amaitzeko, zein da literatura obra bat argitaratzearen ondoriorik ederrena?

-Irakurleekin mintzatzea, baita usteak erdiak ustel direla frogatzeko ere.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios