https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Tomas Yerro idazle nafarrak 2019ko Vianako Printzesa saria jaso du

Tomas Yerro idazle nafarrak 2019ko Vianako Printzesa saria jaso du
Efe

Nafarroako Idazleen Elkarteak proposatu du aurtengo garaikurraren irabazlea

UNAI SARRIUGARTE

Tomas Yerro idazle, olerkari eta filologo nafarrak 2019ko Vianako Printzesa saria jaso zuen pasa den igandean. Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluak erabaki du aurtengo XXX. edizioaren sariduna, Nafarroako Idazleen Elkarteak proposatuta. Garaikurra Nafarroako presidente den, Uxue Barkosek eman zion.

Barkos ez ezik, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlementuko presidentea, Yolanda Gonzalez Vianako alkatea eta Fatima Frutos Nafarroako Idazleen Elkarteko presidentea ere izan ziren ekitaldian.

Yerro hunkituta agertu zen garaikurra jasotzean eta aita izan zuen gogoan: «neure maisurik onena izan zara». Bestalde, idazle nafarrak hezkuntzaren eta kulturaren balioek gizartean duten eragina nabarmendu zuen: errespetua, bazkidetza emankorra, elkartasuna eta justizia aldarrikatuz.

Sari hau urtero banatzen du Nafarroako Gobernuak, kultura arloan nabarmendu diren pertsona eta taldeei omenaldia egiteko helburuarekin. Ana Herrera Kultura kontseilariak jakinarazi zuen aurtengo irabazlearen izena. Herrerak Yerrok irakasle, ikertzaile eta literatur hedatzaile gisa egindako lana goraipatu zuen. Izan ere, Tomas Yerro erreferente da Nafarroako idazleentzat.

Nafarroako Unibertsitatean Filologia Erromanikoan lizentziadun eta katedraduna da Yerro. Nafarroako Unibertsitate Pribatuko eta Publikoko irakasle izana da. Era berean, literatur lanak argitaratu ditu prentsan eta hainbat zientzia aldizkaritan. «Río Arga. Revista navarra de poesía» aldizkariaren zuzendaria ere izana da.

Bestalde, Nafarroako Gobernuan ere izan ditu ardurak: Nafarroako Gobernuko Kultur Ekinaldien zerbitzuko buru izan zen 1991etik 1995era, eta Kultura zuzendari nagusi 1995etik 1999ra. Gainera, Nafar Ateneoa sortzeko prozesuan parte hartu zuen.

Bere lan esanguratsuenak honako hauexek dira: «Aspectos técnicos y estructurales de la novela española actual» (1977), «Río Arga, revista poética navarra: estudio y antología»(Charo Fuentesekin batera, 1988), «Escritores navarros actuales: antología» (koord. 1990), «Narrativa española actual 1993-1997» (1998), «Por la senda del Quijote» (koord. 2005), «Amado Alonso: el español de las dos orillas» (koord. 2014) etab.

Temas

Euskera