Beti geratzen zait, Frantziako Tolosa bisitatutakoan, berriz itzultzeko gogoa. Batez ere ibaia zeharkatzeko; haren bazterrak ikusmiratzeko; kaleak ibiltzeko eta tabernaren batean bertako ardo beltza edateko. Nekatzen ez duen hiria da, asebetetzera iristen ez den egonaldia. Badakit luze jotzen duten geldialdiek hasierako zirrara galtzen dutela eta, horren ordez, asperrari habia egiten diotela. Ez naiz, ordea, sekula luzetxo geratu Tolosan. Azkeneko aldian, historiari errepasoa egiteko izan zen. Gerra Zibila amaitu zenean, jende askok egin zuen ihes Espainiatik. Horietako askok Tolosa izan zuten jomuga, eta, han, bizibide berri bati ekin zioten. Erbesteak beso luzeak ditu eta adar ugari, batzuk ustelak, noski. Tolosan erbestea ez zen beste herria, esperoan zegoen jende askoren bigarren etxea baizik, onerako zein txarrerako. Kartzela bat ikusi genuen, errepublikanoen geltoki; Garonaren ezkerraldean «errepublikanoen kaia», esperantzaren horma. Kale askotan agerikoak ziren gerra galdu zutenen zantzuak, txoko askotan ikusten ziren haiek utzitako markak. Ibilbide bat egin daiteke, erbestearen geografia ezagutzeko. Hemen anarkistak, hor komunistak: oroitarri batek esaten digu Dolores Ibarruri bertara joan zela. Sozialistek egoitza izan zuten Saint Sernin basilikatik gertu. Harri arrosa-koloreko eraikina da, eguzkiak jotzen duenean distira egiten du eta arrosak horira jotzen, galeoi batetik urrea lapurtu eta larrua harekin garbitu balu bezala. Oroimena aberasteko pelikulak jartzen dituzte, egoitzaren tokian egoki duten kultura-etxean.
Publicidad
Etxera etortzeko bezperan eta hiriari despedida duina eman nahian, Saint-Georges plazan eseri nintzen. Koaderno txikia atera nuen, eta, ikusitakoa gogora ekarriz, zirriborroz bete nuen, nondik norakoak era nahasian adierazi nahian. Edateko eskatu nuen, eta hura dastatzen ari nintzela, Okzitaniako ardo beltz arina, eguzki-begitan gorri bihurtzen zena, inguruari so egin eta Jean Calasen omenez landutako irudia ikusi nuen. Voltaire etorri zitzaidan burura, 'Tolerantziari buruzko tratatua' idatzi zuen, Jean Calasen epaiketa eta heriotzak eraginda (urkatua izan zen). Calas protestantea zen, eta bere semeetako bat katoliko bihurtu zitzaion. Gau batean, soka batez urkatuta aurkitu zuten. Nonbait bere buruaz beste egin zuen. Calastarrek hil zutela zabaldu zen, ordea, eta albisteak jende katolikoa asaldatu zuen. Jean Calas, esan bezala, kondenatu eta hil egin zuten. Urtebete geroxeago, Tolosako parlamentuan, kondena aldarrikatu zuen epaitegian, errugabea zela erabaki zuten. Voltairek, kontzientzia gaiztoaren zigortzaile, idatzi zuen: «Badakizue intolerantziak hipokrita edo errebeldea baino ez duela sortzen. Hau marka! Borreroak hartuta, eutsi nahi diozue jainko baten erlijioari. Borreroek eztitasuna eta pazientzia predikatu zituen jainko hori bera hil zuten».
Parlamentuaren eraikina arrosa-kolorekoa da eta Calastarren etxetik ez dago urruti. Gerra ondorengo erbesteratu espainiarrak parlamentuaren inguruan biltzen zirela ere kontatzen dute, Errepublika garaiko usadioak errepikatu nahi omen zuten. Parlamentu horretan gertatu zen Martin Guerreren epaiketa. Epailea Jean de Coras izan zen, protestantea bera ere, higanota. Katolikoek hil zuten, San Bartolome egunean, atxilotuta zegoenean. Sciasciak eman digu haren berri, 'Epai oroigarria' liburuan. Montaignek ere bai, legegizon zintzoa zela esaten digute beren testuetan. Ez dut ikusi haren omenezko irudirik, hirian bizi zela gogorarazten duenik.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión