https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Tira! Aurrera!' txotxongilo-saioa ikusgai izango dugu igandean, Gasteizen

'Tira! Aurrera!' txotxongilo-saioa ikusgai izango dugu igandean, Gasteizen

Peñaflorida Kondearen plazan izango da, 17:00etan, euskaraz

PAUL PICADO

'Tira! Aurrera!' izeneko txotxongilo-saioa ikusgai izango dugu igandean Gasteizko Peñaflorida Kondearen plazan. Emanaldia 'Txotxongiloak 2019' programaren barruan izango da, 17:00etan, eta euskaraz izango da. Panta Rhei konpainiak prestatu du, eta etxerik ez duen Urbano izeneko mutilaren eta bakardadean bizi den Marieta neskaren istorioa kontatzen da. Beren emozioak eta beharrak adieraziko dituzte saioan zehar.

Panta Rhei konpainia 80ko hamarkadaren amaieran sortu zen, enpresa eszeniko gisa, baina artista plastikoak, musikariak, dantzariak eta bestelakoak barne hartuz. Konpainiaren lehen lana 'Aquellos polvos' izan zen, genero-indarkeriari buruzkoa, eta nahikoa arrakasta izan zuen. 1998. urtean Suediako artista-talde batekin topo egin zuen, nazioarteko kategoriakoa, eta beste bide bati ekin zion. Horrela, txotxongiloen arlora jo zuen.

Horrela, hogeita hamar urte baino gehiago daramatza eta hogeita hamar lan baino gehiago aurkeztu ditu. Gaur egun, Arabako landa-erkidegoari hurbiltzen dizkio arte eszenikoak, eta zenbait programa egin ditu 2009. urtetik. Besteak beste Festikale jaialdian parte hartzen du 2014. urtetik, eta iaz, Toparte Txotxongilo Topaketan parte hartu zuen Agurainen. Bestalde, Zigoitian Aurum Murua zentroa sortzen ari da, topatzeko, sortzeko eta hezteko toki gisa.

Horrez gain, antzerki tailer-eskola bat dute, ikastaroak eta monografikoak ematen dituzte antzerkiari buruz, hainbat programa eta ekitaldi zuzentzen dituzte, eta 'Títeres de Cuento' erakusketa antzeztua ere badute.

Temas

Euskera