https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Time aldizkariak Chillida Leku urteko 100 txoko interesgarrien artean sailkatu du

Time aldizkariak Chillida Leku urteko 100 txoko interesgarrien artean sailkatu du
Javier Etxezarreta

Apirilean berriro ere museoa zabaldu zutenetik 45.000 bisitari inguru jaso izan ditu

UNAI SARRIUGARTE

Time aldizkariak Chillida Leku urteko 100 txoko interesgarrien artean sailkatu du. Hernanin (Gipuzkoa) kokatua dagoen museoa zerrendan dagoen estatuko toki bakarra da. Izan ere, nazioartean hain ospetsua den aldizkari honek urterik behin munduko ehun leku jasotzen ditu. Bertan berezitzat jo daitezkeen esperientziak eskaintzen dituzten tokiak barnebiltzen dira.

Aurtengoan Chillida Lekuz gain, azken urteotan erreferente izan diren zenbait esparru batu ditu aldizkariak, Estatu Batuetako The Shedarte zentroa edota Eskoziako V&A diseinu museoa kasu.

Museoak apirilean zabaldu zituen berriro ere ateak hainbat urtetan itxirik egon eta gero. Harrezkero, hiru hilabetetan 45.000 bisitari inguru jaso izan ditu. Hori dela bide, bisitaldi gidatuen eskaera, museoaren erakarpen handietako bat ikaragarri handitu egin da.

Chillida Lekuko zuzendaria den Mireia Massaguek goraipatu egin du Time Aldizkariak egin dien erreferentzia: «Halako aintzatespenek lanean jarraitzera animatzen gaituzte«. Massaguek gaineratu duenez museoaren kudeaketa-eredu berria bermatzen du aipamen honek, gainera, inguruarekin eta tokiko bisitariekin dugun inplikazioaren garrantzia berretsi du.

Chillida Leku nazioarteko erreferentzi esparru bat izateko izan zen sortua. Eduardo Chillidaren semea den Luis Chillidak adierazi duenez: «Aita, zuhaitzen antzera, sorterriko kulturan oso errotuta zegoen, baina besoak munduari irekita. Zerrenda horretan egoteak asmo hori islatzen du«.

Time 1923. urtean New Yorken (AEB) sortutako informazio orokorreko astekaria da. Henry Lucek eta Briton Haddenek sortu zuten hauxe. Nazioartea kontuan harturik, Time aldizkaria da ale gehien saltzen dituen hedabidea. Edizio fisikoa eta digitala batuz, guztira 25 milioi irakurle ditu, eta haietako % 80 Estatu Batuetakoak dira. Azken urteetan, hedapena gero eta txikiagoa izan da: 2012an 3,3 milioikoa zen, eta 2017an, berriz, 3 milioikoa.