https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Testosterona

Kazetaritza lanak egiteko Errusiara joan diren emakumezkoek ondo asko dakite zer den giroan dagoen matxismoa arnastea

Agustín Martínez, La Manadaren abokatua./Efe
Agustín Martínez, La Manadaren abokatua. / Efe
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Futbola oso kirol errespetagarri eta polita da. Alde batetik, jokaldi on bat ikustea gustagarria da, eta futbolariek duten trebezia, miresgarria. Beste aldetik, ariketa fisikoa egitearen garrantzia transmititzen diote gazteriari; pena, ile-apainketarekin kontzeptu berezi bat ere transmititzen diotela. Eta, are okerrago, futbolariek -salbuespenak salbuespen- irudi zehatz bat ematen dute: guapoak, aberatsak, heterosexualak, 'machote'-ak, Camachok esango lukeen modura.

Espainia-Errusia partida bukatu ostean, Sergio Ramosek hurrengo adierazpen hauek egin zituen: «Le hemos echado huevos». Partida ikusita, eztabaidagarria izan daiteke, baina 'echar huevos' esaera erabiltzea esanguratsua suertatu zitzaidan. Badakit, kalean dagoen esaera bat dela eta ez diot garrantzi handirik emango, baina, egia esan, testosterona gehiago dabil futbolaren inguruan, eta ez da bakarrik futbolarien erantzukizuna: jarraitzaileek ere giro hori zabaltzen laguntzen dute.

Kazetaritza lanak egiteko Errusiara joan diren emakumezkoek ondo asko dakite zer den giroan dagoen matxismo hori arnastea. Futbolak, gainera, ultren mundu iluna du bere barne. Eta leize horretan, Jose Angel Prenda 'manada'-ko kidea aurkitzen dugu, talde ultra batean, Biris delakoan, hain zuzen ere. Ultra talde horren buru bat izan zen 'Manada'-ren abokatua aurkitu zuena. Nahiko suburbiala dena, nik uste. Futbolaren mundua zorrotzagoa izan beharko litzateke bai ultra mugimenduarekin bai matxismoarekin. Giro usteldu horrekin bukatu beharko lukete, futbolak berak merezi ez duelako.

Testosterona gehiegi dago harmailetan, arriskutsua izango ez balitz, irrigarria izango litzateke. Simioak dirudite gizon batzuek; sofistikazio berbera dute: oihuka dabiltza, paparra ateratzen, emakumeak destainaz begiratzen, futbolzelaiak kirolarekin lotura gutxi duen zerbait bihurtuz. Gizon bakar batzuek izango dira horrela, baina gehiegi dira. Eta niri, abokatu horrek ultra munduarekin konexio zuzena duela jakiteak ez dit konfiantza handirik ematen; Murakamiren jarraitzailea izateak ere ez, baina hori beste kontu bat da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos