https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Teresa del Valle antropologoaren lana aitortu dute, genero berdintasunaren alde egindako lanengatik

Teresa del Valle, elkarrizketa batean./Luis Michelena
Teresa del Valle, elkarrizketa batean. / Luis Michelena

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Saria eman diote. Euskal Herrian, Hawaiin, Mexikon eta Ibar Amerikan garatu ditu bere ikerketak eta EHUko Emakumearen Ikerketa Mintegiaren sortzaile eta buruetako bat izana da

AMALIA IBARGUTXI

«Bere obra globalak modu eraginkorrean lagundu duelako Euskal Herriko genero-ikuspegiaren garapen kulturalean» eman diote Teresa del Valleri Euskal Herriko curriculum nabarmenenei ematen zaien Eusko Ikaskuntza–Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria. Estatu mailan ere antropologia feministaren «sustatzaile garrantzitsuenetako» bat izan da del Valle, eta egindako lan hori eskertze aldera egin dio aitortza Eusko Ikaskuntzak.

Epaimahaiak nabarmendu duenez, «bere ibilbide pertsonala eta profesionala gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren esparruan oinarrituta dago, baita erronka hori euskal kulturan eta gizartean ikusgarri egin eta nazioartera zabaltzean ere», betiere ikuspegi antropologikoa abiapuntua izanik. Besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Emakumearen Ikerketa Mintegiaren sortzaile eta buruetakoa izana da.

Valleren ikerketa-lerro nagusiak izan dira kritika feminista gizarte-antropologian, hiri-antropologia, antropologia politikoa, memoriaren etnografía eta metodologia kualitatiboak. Horrez gain, European Association of Social Anthropologistserakundearen fundatzaileetako bat izan zen 1989. urtean, baita European Society for Oceanists erakundearen fundatzaileetako bat ere, 1996an. Hain zuzen, Europa eta Estatu Batuetara eraman ditu, besteak beste, euskal antropologiari buruzko bere ikerlanak.

Jarduera dibulgatzaile «garrantzitsua» garatu du, eta irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren esparruko ibilbide «luzea» egin, Eusko Ikaskuntzak jakinarazi duenez. Bere ikerketak, Euskal Herrian, Hawaiin, Mexikon eta Iparramerikan garatu ditu, batik bat. Hain zuzen, bere ikerlan eta irakasle lana aitortu zituen Emakundek 2010. urtean, Berdintasunerako Saria emanez. EHUko Gizarte Antropologiako katedradun emeritua ere bada.

Asteazkenean eman zitzaion saria. Sarirako epamahaikide izan ziren unibertsitateetako ordezkariak ekitaldian izan ziren. Besteak beste, Nekane Balluerka (UPV/EHUko errektorea), Iñaki Esparza (Bergarako UNEDeko zuzendaria), Iciar Astiasarán (Nafarroako Unibertsitateko Ikerketa errektoreordea), Vicente Atxa (Mondragon Unibertsitateko errektorea), José Antonio Rodríguez Ranz (Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordea eta Erakunde Arteko Harremanen errektoreordea) eta Cristina Bayona (Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasle, Enplegu eta Ekintzailetzaren errektoreordea).

Sarituarekin batera izan ziren ere bai Iñigo Urkullu lehendakaria, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Hiritarrekiko eta Erakundeen Arteko Harremanetarako Kontseilaria, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Txomin García Laboral Kutxako presidentea.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos