https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Telmo Esnal zinemagile euskaldunaren 'Dantza' filma Ameriketan proiektatuko da

'Dantza' filmaren irudi bat./
'Dantza' filmaren irudi bat.

Filma Argentinan eta Ameriketako Estatu Batuetan eskainiko dute

UNAI SARRIUGARTE

Telmo Esnal zinemagile euskaldunaren 'Dantza' filma Ameriketan eskainiko da. Apiriletik maiatzera bitartean Zarauzko zuzendariaren filma Argentinako eta Estatu Batuetako hamar hiritan ikusi ahal izango dute interesdunek Txintxua Films ekoiztetxearen eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetza hitzarmenari esker.

Ameriketako biraren lehen bi proiekzioak Argentinan eskaini ziren pasa den asteburuan. Lehendabiziko emanaldia Misiones probintziako Posadas hirian ospatu zen Co-Cine Entre Fronteras zinema jaialdiaren barruan. Pasa den asteazkenean, berriz, Buenos Aires probintziako La Plata hiriko biztanleek zinemagile zarauztarraren filma ikusteko aukera izan zuten.

'Dantza' filmaren hamar emanaldietatik zortzi Amerikako Estatu Batuetan eskainiko dira. AEBetako bira apirilaren 28an hasiko da, Seattle hirian (Washington). Emanaldiek maiatzean jarraituko dute: maiatzaren 1ean Ontarion (Oregon), maiatzaren 2an, berriz, Boisen (Idaho), eta handik euskal proiekzioa Kaliforniara pasako da: San Frantziskon emango da maiatzaren 3an, Chinon, 5ean, eta Los Angelesen, 6an. Azkenengo ikustaldiak Estatu Batuetako ekialdeko kostan eskainiko dira: maiatzaren 11an New Yorken eta 17an, Washingtonen.

Bira hau Etxepare Euskal Institutuak eta Estatu Batuetako Euskal Etxeek egindako elkarlanari esker burutu da. Gainera, bira honetan Telmo Esnal zuzendariaren eta Gari Otamendi dantzari protagonistaren aurkezpenak eta solasaldiak ikusi ahal izango dira.

'Dantza' filma 2018. urtean estreinatu zen Donostiako Zinemaldian. Eta, Telmo Esnal zarauztarraren zuzendaritzapean, Amaia Irigoyen, Gari Otamendi, Ainara Ranera, Joseba Astarbe eta Josu Garate aktoreak egon ziren. Bestalde, Koldobika Jauregi eskultoreak zuzendu zuen bertan islatzen den euskal unibertso estetiko eta bisuala, eta Juan Antonio Urbeltz nafar koreografoaren esku egon zen euskal dantza tradizionalen koordinazioa.

'Dantza' proiektuak euskal istorio tradizional bat eskaintzen du euskal dantza herrikoia erabiliaz. Gizakiaren eta naturaren arteko harremanen berri ematen du filmak: lana, amodioa, festa, bizitza eta heriotzarekin lotutako gaiak jorratzen ditu, euskal dantzaren irakurketa eguneratu bat aurkeztuz. Dokumentalak Euskal Herriko hainbat paraje eta udalerri hartzen ditu aintzat: Bardeak, Urkiolamendi, Arantzazu, Igartubeiti etab.