https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Teknologia esparruko «emakumeen lana erakutsi eta aitortu» nahi dute Ada Byron sarien bitartez

Emakume bat, mikroskopioa begiratzen./Fotolia
Emakume bat, mikroskopioa begiratzen. / Fotolia

Hautagaitzak aurkezteko epea zabalik dago apirilaren 5era arte eta saria 3.000 eurokoa izango da

EL CORREO

Teknologia esparruko emakumeen lana erakutsi eta aitortzea. Hori da Ada Byron sariaren seigarren edizioak bilatzen duena, gazteen artean teknologia bokazioak sustatzearekin batera. Gainera, teknologiak hazkunde ekonomikoan eta gizartearen etorkizuneko balio gisa duen garrantzia ezagutarazi nahi du, antolatzaileek aurreratu dutenaren arabera.

Hautagaitzak aurkezteko epea zabalik dago apirilaren 5era arte. Saria 3.000 eurokoa izango da, eta Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatean maiatzaren 15etik 17ra egingo den ForoTech 2019 jardunaldietan emango da. Esparru akademiko, enpresa eta erakunde mailetako pertsonek osatutako epaimahai independente batek aztertuko ditu hautagaitzak eta proposatuko du saria nori eman.

Sariaren seigarren edizioaren aurkezpenean izan dira Izaskun Landaida Emakunde Emakumearen Institutuko zuzendaria, Asier Perallos Deustuko Unibertsitateko Ingenieritza Fakultateko dekanoa, Soledad Murillo Estatuko Berdintasun idazkaria, Teresa Laespada Bizkaiko Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuna Sustatzeko diputatua eta Nerea Aranguren IK4-Ideko zentro teknoologikoko zuzendari orokorra.

Landaidak azpimarratu duenez, «zientzia eta teknologian emakumeen fenomenoa aztertzerakoan, ikasketen aukeraketan gertatzen den genero arrakala kontuan izan beharreko funtsezko eragileetako bat da. Baina ez bakarra. Genero rol eta estereotipoek sortzen dute genero arrakala hau, neska eta mutilek beraien ikasketak aukeratzea modu aske batean egitea mugatzen dituena».

Bere ustez, ikasketa hautaketan gertatzen den genero arrakalarekin batera, beste eragile batzuk kontuan hartu behar dira, besteak beste, emakumeek beren karrera teknologikoen garapen profesionalean aurkitzen dituzten oztopoak, sustapen eta ebaluazio mekanismoak zuzentzea eskatzen dutenak, edo zientifikotzat hartzen den ezagutzaren ikuskera androzentrikoa.

Sariaren aurkezpenean 'Emakumea eta talentua, garai berrietarako eredu berriak' mahai ingurua ere egin da. Pilar Lopez Espainiako Microsoft-eko lehendakariak eta María Angeles Martín Prats 2018ko Ada Byron saridunak parte hartu dute. Eta moderatzaile lanak Cristina Giménez Elorriaga Ada Byron Sariaren koordinatzaileak egin ditu.

Temas

Euskera