Tatta eta Süne taldeen kontzertuez gozatu, Bilbon
Bestalde, Esne Beltza eta Zetak taldeek Gasteizen joko dute, 'Gaztea Gaua' egitasmoaren baitan
Jai herrikoiek dantza egitera eta primeran pasatzera garamatzate, hondartzaz zein oporrez gozatzen dugun urte sasoi honetan. Bada, abuztuan Gasteizen eta Bilbon 'Gaztea Gaua' ekimenaren barruan arituko diren taldeetako batzuen izenak ezagutu ditugu gaur. Zehazki, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan Esne Beltza eta Zetak taldeen musika entzun ahal izango dugu, eta Bilboko Aste Nagusian, Tatta eta Süne taldeena.
Lehen kontzertua igande honetan bertan (abuztuak 4) izango da Foruen plazan Xabi Solano buru duen bandarekin. Azken Durangoko Azokari begira kaleratu zuen Esne Beltzak zortzigarren diskoa, 'Esne Bidea', eta ordutik 17 urteko ibilbidea ixteko bira egiten ari dira. Taldekideek «aniztasunaren eta lankidetza globalaren testigantza» gisa definitu dute elkarrizketa ezberdinetan azken lan hori, mundu osoko artista talentudunek parte hartu baitute. Beraz, kontzertu honetaz gozatu nahi baduzu, Zeledon jaitsi eta ordu gutxira egin ahalko duzu.
Halaber, lau egun geroago, hilaren 8an, Zetak taldeak joko du leku berean. Kontzertu hori iazko irailean kaleratu zen 'Aaztiyen' euskarazko diskoaren aurkezpen biraren parte izango da. Pello Reparazek lan horri buruz adierazi duenez, «bertan bizi naizen lurra irudikatzen duen soinu identitatea aplikatu dut. Han, alboka, txalaparta, eliza kanpaia eta irrintziak bezalako sonoritateak aurkitzen ditut, elektronikarekin nahastu ditugunak». Bertaratzen den publikoak, beraz, Arbizuko (Nafarroa) musikariak bere bizitzako hiru urte eskaini dizkion obra honetaz gozatuko du.
'Gaztea Gaua'ren hirugarren hitzordua Tattaren eskutik helduko zaigu abuztuaren 22an, Europa Parkean, Bilboko Aste Nagusiaren baitan. Taldeak 'Martin' albuma otsailean aurkeztu zuen Densorekin batera, eta bertan, genero desberdinak aztertzen dituzte, eta artista desberdinekin eta Etxepe kolektiboarekin elkarlanean aritzen dira. Azkenik, Bilboko eszenatoki horretan Süne izango dute lagun, Josune Arakistain Huntzako abeslari eta trikilariaren bakarkako debuteko izen artistikoa. Izan ere, 'Lau korapilo' kaleratu berri baitu.