https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Tarteko Belaunaldia

Gai eztabaidagarria da belaunaldiena; izan ere, sarritan, belaunaldiko kideek ez dute beren burua belaunaldi baten barruan ikusten

Teknologia berrien uholdeak gu gazte harrapatu gintuen eta ez genuen arazorik izan mundu berrira egokitzeko./
Teknologia berrien uholdeak gu gazte harrapatu gintuen eta ez genuen arazorik izan mundu berrira egokitzeko.
ARITZ GORROTXATEGI

Eskolan, 98ko eta 27ko literatur belaunaldiak ikasi genituen, baita Berpizkundekoa ere: Lizardi, Lauaxeta, Orixe. Gai eztabaidagarria da belaunaldiena; izan ere, sarritan, belaunaldiko kideek ez dute beren burua belaunaldi baten barruan ikusten. Zenbaitetan literatur belaunaldien sorrerak artifizialak dira, baina oso lagungarriak irakasle eta ikertzaileentzat, eta, batzuetan, baita editoreentzat ere. Eskolatik atera bezain laster, Hego Amerikako Boom-arekin topo egin nuen, AEBetako Belaunaldi Galduarekin, 'Beat Generation' delakoarekin… Gurean Pott Bandaren belaunaldia edo Lubaki Banda belaunaldia aipa litezke, baita Tropelaren belaunaldia ere. Belaunaldi bakoitzeko kideek berezitasun propioak dituzte, baita berezitasun bertsuak ere.

Nire kasuan, 1975ean jaioa naizen aldetik, Tarteko Belaunaldi moduko baten barruan sentitzen naiz, inon sentitzekotan. Diktaduraren amaieran eta demokraziaren hasieran jaiotakoa naiz. Realaren eta Athleticen ligak txikitan bizi izan nituen, eta bi talde horiek ligak irabaztea ia gauza normaltzat hartzen nuen. Nire jokalari kuttunak Arconada, Zamora eta Maradona ziren (geroago, baita Gullit ere). Gurasoen etxeko album zahar batean Athleticen elastikoa jantzita ageri naiz, nahiz eta etxean Realekoak izan. Beste garai bat zen. Indurain eta McEnroe zuzenean ikusi genituen. Jugoslavia eta SESB existitzen ziren. Petrovic, Sabonis, Marchulonis, Kukoc… Geroago, berriz, Bird, 'Magic' Johnson, Jordan… Kirola debalde emititzen zuten.

Telebistan klasikoak ziren nagusi, zuri-beltzean hasieran: Marx anaiak, John Ford, Harold Lloyd, Katherine Hepburn, Cary Grant, indiar eta cowboyen pelikulak, John Hustonenak, Hitchcockenak, II. Mundu Gerrakoak, 'Navaronneko kanoiak', 'Espartako', ezpatarienak, 'Scaramouche'… Espioien pelikuletan gaiztoak beti ziren sobietarrak, Gerra Hotza eta Berlingo Harresia indarrean baitzeuden artean. Bestalde, marrazki bizidunek telebistako programazioaren tarte oso txikia hartzen zuten; gauetan ez zegoen telebistarik, ez zuten 24 orduz emititzen. Erronboak egoten ziren: bat edo bi. Birekin, ohera. Eztabaida mamitsuak izaten ziren telebistan, eta jende jantzi eta irakurriak iritzi-trukaketa adeitsuak izaten zituen, garrasika aritu gabe. Idazteko makinarekin idazten zuten gure nagusiek, eta nik ere idazteko makina batekin eman nituen lehen pausoak literaturaren arloan. Irakurketei dagokienez, duela bi belaunaldiko kideek irakurtzen zutena irakurtzen genuen: Julio Verne, Salgari, Stevenson, Dumas, Jack London, Twain, Tintinen komikiak, On Kixotearen bertsio laburtu edo irudiztatuak, Tolkien, Victor Hugo… Gloria Fuertes telebistan ikusten genuen bere poemak irakurtzen ahots berezi eta kraskatu harekin. Eskolan Txillardegi, Saizarbitoria, Mirande, Aresti, Sarrionandia eta Atxaga ikasi genituen, besteak beste. Euskal kantagintzarekin eta musika klasikoarekin hazi ginen txikitan, baina rockaren alde egin genuen berehala. Udan ez ginen oporretara joaten, hondartzara baizik. Gabarroira edo uhartera igeri egitera. Paris, berez, nahiko hiri exotiko eta urruna iruditzen zitzaigun.

Ondoren, teknologia berrien uholdea etorri zen. Gu gazte harrapatu gintuen (20 urteen hasieran), eta ez genuen arazorik izan mundu berrira egokitzeko. Baina gure heziketa kultural eta sentimentala beste garai batekoa zen. Erdibidean harrapatuta geunden, ez zahar ez gazte, eta liluragarria iruditzen zaigu oraindik testu bat ordenagailuaren pantailan agertzea. Are gehiago, testu hori e-postaz bidali ahal izatea. Nola joan daiteke testu bat ehunka lekutara une berean eta koma bakar bat ere galdu gabe? Miraria iruditzen zaigu, baina mirari horrek abantaila praktiko ugari ekarri ditu; beste batzuk ez dira hain praktikoak izan. Gure ondorengo belaunaldiek, ordea, oso bestelako heziketa izan zuten. Zer esanik ez, mugikorra eta pantaila eskuetan jaio direnak. Belaunaldi bakoitzak bere bizipen eta erreferenteak ditu. Gu erdibidean jaio ginen, Ordorikaren kantuak esaten zuen bezala, «mendea eta segundoa gurutzatzen diren lekuan».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos