https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Talentu Berrien bideo lehiaketako finalisten egun handia

Talentu Berrien bideo lehiaketako finalisten egun handia

Bitabe lehiaketa berrira aurkeztu dituzten animazio, fikzio, dokumental eta bideo-sorkuntza lan horien artetik hautatu dituzten 15 finalisten lanak ikusi eta sari banaketa egingo dute Bizkaia Aretoan

AMALIA IBARGUTXI

Guztira 44 ikus-entzunezko aurkeztu dituzte Bitabe (Bideo Talentu Berriak) lehiaketa berrira lehenengo deialdi honetan, eta aurkeztu dituzten 44 animazio, fikzio, dokumental eta bideo-sorkuntza lan horien artetik hautatu dituzten 15 finalisten lanak ikusi eta sari banaketa egingo dute gaur, arratsaldeko 18:30ean, EHUko Bizkaia Aretoan. EHUko ordezkariek osatutako epaimahaiak 800, 600 eta 400 euroko hiru sari banatuko ditu.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Zinebik, antolatu du jaialdia EHUKultura Bizkaiarekin eta EHUko Arte Ederretako eta Gizarte Zientzietako fakultateekin lankidetzan. «Urteroko hitzordua bilakatzeko bokazioz» sortu dute eta, helburu gisa, «topaleku izatea eta ikasleen artean sortutako ikus-entzunezko ekoizpen lanak ikusgai bilakatzea eta balioan jartzea» dituzte.

Arte Ederren fakultatea Bizkaiko campusean badago ere, hiru campusetako ikasleei luzatu die antolakuntzak parte-hartzeko gonbita; gradu-ikasle direnei, masterrekoei eta doktore tesian lanean dabiltzanei. Aukeraketa batzordea, bestalde, Natxo Rodríguez EHUko Kultura zuzendariak, Nerea San Martín EHU kultura Bizkaiko zuzendariak, Vanesa Fernández Guerra ZINEBIko zuzendariak, Arantza Lauzirika EHUko Arte Ederretako Fakultateko dekanoak eta Aintzane Pagadigorria EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazio irakasleak osatu dute. Aurkeztutako lanen artetik aukeratu dituzten 15 finalisten artetik aterako dira hiru sariak eskuratzeko lehiatuko direnak.

Bideo Talentu Berriak ekimenaren sari-banaketa gaur egingo dute, beraz, Bizkaia Aretoan (Abandoibarra Etorbidea, 3). Ekitaldiari amaiera emateko Quiet Guest Dj-ren saioa programatu dute. Ekitaldirako sarrera librea izango da aretoko leku guztiak bete arte.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos