https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Sylver ekonomia, etorkizunaren aldeko apustu zuhurra

Txerri itxura duen eltzeitsua./
Txerri itxura duen eltzeitsua.

Egun ekonomia honek Europako gastu publikoaren BPGren %25 suposatzen du

UNAI SARRIUGARTE

Gizartea gero eta zaharragoa da. 2060. urterako munduaren herenak 65 urtetik gora edukiko du. Egun munduko biztanleen %20ak ditu 65 urtetik gora. Horrek hirugarren adinaren inguruko ekonomia-sortzaile berri bat ekarri du, 'sylver economy' izenarekin ezagutzen dena. Ekonomia berri honek ideia, esperientzia, tresna eta esparru berriak sortu eta partekatzea ahalbidetu du. Esparru berri honetan proiektu berriak sortzen hasi dira zenbait enpresa eta erakunde pribatu: proiektu teknologikoak, gizarte-proiektuak, kulturalak, industrialak, etab.

Silver ekonomiak senior biztanleen garapen sozioekonomikoa bultzatzea du helburu, berrikuntza sozialaren, ikerketaren, teknologia berrien, industria sortzaileen eta eraldaketa digitalean oinarritzen diren eredu ekonomiko berrien bidez. Hori dela medio, gizatalde horren bizitza aktiboa eta osasuntsua sustatu nahi da, hirugarren adineko hazkundeari aurre eginaz.

Bestalde, erdira jaitsiko da lanerako adina duten pertsonen proportzioa. Gaur egun, pertsona ez-aktibo bakoitzeko lau langile dago; 2060an, berriz, pertsona ez-aktibo bakoitzeko lanerako adinean dauden bi lagun bakarrik egongo direla aurreikusten da. Beraz, garrantzitsua da gizartean gertatzen ari den aldaketa horretarako sistema jasangarri bat aurkitzea.

Europako hego-mendebaldeko eskualdeetan, are handiagoa izango da 60 urtetik gorako pertsonen kopurua. Izan ere, 2050. urtean herrialde horietako biztanleriaren %40ak60 urtetik gora izango ditu.

Azken urteotan Europako hego-mendebaldeko eskualdeak erretiratutako pertsona asko jasotzen ari dira. Eskualde horiek eskaintzen duten bizi kalitate eta klima apartak jende asko eremu horretara emigratzea ekarri du. Gainera, Europako iparraldearekin alderatuz gero, Europako hegoaldeak aurkezten dituen prezioak askoz merkeagoak dira.

Silver ekonomiak gero eta pisu handia izango du nazioarteko ekonomian eta kontsumoan. Egun, Europar Batasunaren herena suposatzen du ekonomia honek. Zehatzago esanda, silver ekonomiara bideratutako Europako gastu publikoa BPGren %25 da, 3.000 bilioi euro inguru.

Gizartea zaharrago izateak erronka sozial handiak ekarriko ditu. Kolektibo honen zainketa-gastuak gero eta handiagoak dira. Hortaz, zainketa tresnak eta dinamikak ez badira aldatzen, baliabiderik ez badago, zail xamarra izango da jendeari bizimodu egoki eta osasuntsu bat bermatzea.