Sukalde txikiak
Eusko Jaurlaritzak etorkizunean egingo diren etxeetako antolamendua arautu nahi omen du. Sotoa, eskailerak eta hori egiten zait deigarrien, sukaldeak. Nonbait, sukaldea txikiegia denean, pertsona bakar batek egin dezake lan bertan eta pertsona hori, tradizioaren aginduz, emakumea omen da, gizonen kaltetan.
Beraz, sukaldeak handiagoak egiten baditugu, gizonezkoei sukaldean egiteko aukera eskainiko diegu, espazioaren eskasia ez dadila gizonak baztertzeko aitzakia izan. Gora gizon eta emakumeon arteko parekidetasuna, are sukaldean. Nik behintzat eskertzen diot Jaurlaritzari ahalegina. Ordaintzen ditugun zergekin gure ongizatea hobetu nahi duten langileak ditugu, lanorduetan buruari bueltak emanez, nola bultzatu gizarte zuzenago bat.
Baina Euskal Herrian bizi gara eta hemen gizonezkoek, etxeko lanen artean zerbait aukeratzekotan, sukaldea aukeratzen dute. Hori eta erosketak. Gogoan dut nola duela hamarraldi gutxi, merkatuan erosten ari ginen emakumeon artean gizon bat azaltzen bazen, elkarrekin hitz egin gabe gizonari lehentasuna ematen zitzaion. Beti izango zen hurrengoa, gaixoa, alarguna izango baitzen seguruenik edo gizon bakarti tristea. Eta emakumeok ez genuen protestarik egiten.
Orain, berriz, ugari dira erosketak egiten dituzten gizonak eta etxean nahiz txokoetan sukaldean egiten dutenak. Nire esperientziaren arabera, bainugela garbitzen dutenak baino ugariago. Trebetasun gehiago behar da sukalderako, baina hamaika aldiz lan sortzaileagoa da.
Korapiloa etxe bakoitzean, bikote bakoitzean eginbeharrak banatzea da, ahal dela, modu adostuan. Zuk sukaldea, nik harrikoa; zuk garbigailua, nik erosketak. Nork bere trebetasunen edo gorrotoen arabera. Eta banaketa hori gero eta beharrezkoagoa da, gaur egungo emakume gazte gehienek lanean jarraitzen baitute, are ezkondu ondoren.
Egoera horri egin nahi dio aurre Jaurlaritzak etxeetako sukaldearen tamainari buruzko hausnarketa egiterakoan. Eskerrak.