https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Udako sukaldaritza ikastaroak hastear daude Basque Culinary Centerren

Ikasle batzuk, plater bat prestatzen./
Ikasle batzuk, plater bat prestatzen.

Hiru ikastaro izango dira datorren astetik abuztuaren amaiera arte, ingelesez zein gaztelaniaz

Jan Echevarría
JAN ECHEVARRÍA

Euskal sukaldaritzak ospe handia du munduko txoko guztietan. Gure sukaldarien trebetasuna ezaguna da planetako herrialde desberdinetan, eta, beraz, ulergarria da gure lurraldea bisitatzen duten pertsonek euskal gastronomiarengan erakusten duten interesa. Egoera hori aprobetxatzeko asmoz, Donostian egoitza duen Basque Culinary Center-ek ateak zabalduko ditu uztailaren 23an. Hortik aurrera, eta abuztu osoan, erakunde akademikoak abian jarriko ditu sukaldaritza ikastaro batzuk, bai Euskal Herriko pertsonentzat bai goiz bat euskal gastronomia onena ezagutzeko aprobetxatu nahi duten Espainiako eta nazioarteko turistentzat. Orotara, hiru tailer eskainiko ditu, astero errepikatuko direnak. Interesdunek ingelesez eta gaztelaniaz egiteko aukera izango dutela gogorarazi dute antolatzaileek.

Ikastaro horien helburua, gastronomiarekiko grina dutenak plazer gastronomikoen inguruan biltzea da, hala nola sukaldean ikastea, gauza berrien bila aritzea eta aurkitzea, eta dibertitzea, besteak beste.

Baina zer egin behar duzu ikastaroan parte hartu nahi baduzu? Tailer bakoitzak 120 euro balio du, eta 3,5 orduko iraupena du, 10:30etatik 14:00etara, hain zuzen. Ikastaroetan zortzi lagunek parte hartuko dute gehienez, eta Basque Culinary Centerren instalazioetako bisitaldia, tailerrean prestatutakoarekin egindako bazkaria, postrea, ardoa, kafea eta opari sorta bat ere sartzen dira ikastaroan bertan.

Basque Culinary Centerren tailer horietan parte hartzeko, nahikoa da 18 urte baino gehiago izatearekin. Ez da beharrezkoa sukaldaritzako aurretiko prestakuntzarik izatea, eta 15 urte baino gehiagoko adingabea bazara, heldu bati eskatu ahal diozu zurekin bertara hurbiltzea. Interesdunek 0034 688 607 144 telefonora deitu edo summerclub@bculinary.com helbidera idatzi behar dute.

Tailer desberdinak, egun desberdinetan

Tailer honen helburu nagusia, parte-hartzaileek sukaldaritzara iraultza ekarri zuten euskal sukaldarien errezetak ezagutzea da. Chef aditu batek izarra duten jatetxeen platerak prestatzen irakatsiko du, parte-hartzaileek ondoren etxean prestatzeko aukera izan ditzaten.

Honako plater hauek nabarmentzen dira, besteak beste: arrautza-lorea txistor eta datilarekin (Juan Mari Arzak), Hezur-muinen entsalada epela (Martín Berasategui), Sagar berde, foie eta aingira milorria (Martín Berasategui) eta Mahastia (Eneko Atxa). Tailerra amaitzeko, bazkaria izango da sukaldaritzazaleek prestatutako jakiekin. Sukaldari famatu hauen platerrak prestatu nahi dutenek jakin behar dute ikastaro zehatz hauek astelehenetan ospatuko direla ( 07/23, 08/06, 08/13, 08/20 eta 08/27).

Pintxoen mundua hobeto ezagutu nahi dutenek, bestalde, chef aditu batek gidatutako tailerrean parte har dezakete. Bertan, pintxo tradizionalak eta abangoardiakoak prestatuko dituzte; hala nola, txangurru-, olagarro- eta kokospe-tartaletak, eta torrada hurrezko izozkiarekin... Pintxo guztiak prestatu eta gero, bazkarian dastatuko dituzte. Tailer hau astearteetan izango da (07/24, 08/07, 08/14, 08/21 eta 08/28)

Azkenik, asteazkenetan, sukaldaritzazaleek gastronomiara iraultza ekarri zuten sukaldaritza-tekniken sekretuak ezagutzeko aukera izango dute. Chef aditu baten argibideei jarraituta, esferifikazioak, aparrak eta gelifikazioak egingo dituzte. Ikasleek oliba-esferifikazioak, txipiroizko kroketa likidoa, 2.0 tortilla eta almendra-sifoizko bizkotxoa txokolatezko izozkiarekin prestatuko dituzte. Ikastaroaren amaieran, prestatutako jakietan oinarritutako bazkaria dastatuko dute, zenbait ardorekin elkartuta. Tailer hau hurrengo egunetan ospatuko da (07/25, 08/01, 08/08, 08/22 eta 08/29)

Hortaz aparte, Basque Culinary Center-eko arduradunek irailetik abendura bitartean gastronomiazaleentzako ikastaro gehiago ere egongo direla azpimarratu dute.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos