https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Suediak Julian Assange, Wikileakseko sortzailea, atxilotzea eskatu du

Suediak Julian Assange, Wikileakseko sortzailea, atxilotzea eskatu du
EFE

Assange pasa den apirilaren 11n atxilotu zuten Erresuma Batuan, Ekuadorreko enbaxadan zazpi urte luze eman ondoren

UNAI SARRIUGARTE

Suediako fiskaltzak Julian Assange, Wikileakseko sortzailea, atxilotzeko eskaera burutu zuen atzo, maiatzak 20. Hortaz, Uppsala barrutiko Auzitegiak eskaeran onartzen badu, Assange atxilotzeko agindu europarra aktibatu egingo da.

«Bortxaketa salaketa bat dela eta, Assange atxilotzea eskatu diot Auzitegiari. Eskaera onartzen badu, Suediaren esku uzteko agindua emango dut», hitzok Eva-Marie Pesson fiskalburuordeak helarazi zituen atzo bertan plazaratutako ohar batean.

Julian Assange pasa den apirilaren 11n atxilotu zuten Erresuma Batuan, Ekuadorreko enbaxadan zazpi urte luze eman ondoren. Hego Amerikako herrialdeak babesa eskaini zion Londreseko bere egoitzan, baina, pasa den apirilean eskaintzen zion babesa bertan behera utzi zuen. Behin kalean epaitegi britainiar batek 50 asteko espetxe zigorra ezarri zion, 2012an Erresuma Batuak ezarritako behin-behineko askatasun baldintzak urratzea leporatuta.

Suediako fiskaltzak esan omen duenez Assangek 25 aste emango ditu preso, eta behin kondena hori beteta libre geratuko da. Era berean, Amerikako Estatu Batuek bere estradizioa eskatu dute. Etxe Zuriak dokumentu sekretuak zabaldu izana egotzi dio Assangeri eta bost urteko kartzela zigorra eskatzen diote.

Perssonek nabarmendu duenez: «Europako atxilotze aginduaren eta AEBn estradizio eskaeraren artean gatazkarik balego, Erresuma Batuko agintariek ebatzi beharko lukete nork duen lehentasuna». Izan ere, oraindik zer gertatuko ote den aurreikustea ezinezkoa da. Dena dela, Fiskalburuordea Suediako auzia Erresuma Batuko prozedurekin batera gauza daitekeelakoan dago.

Julian Paul Assange australiar kazetaria, Interneteko ekintzailea eta programatzailea da. Assange Wikileaks webguneko bozeramaile eta buruetako bat da. Webgune honek ezkutuko informazioa plazaratzen du. Baten baino gehiagotan Estatu Batuetako gobernuko informazio ezkutua argitaratu du Wikileaks webguneak: Afganistango gerraren edota estatubatuar enbaxadetako telegramei buruzko informazioa esaterako.

Temas

Euskera