https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

SPRI taldeak 400 Global Trainning Beka banatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan

SPRI taldeak 400 Global Trainning Beka banatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan
Eusko Jaurlaritza

Beka honek gazteei atzerrian enpresa praktikak egiteko aukera eskaintzen die

UNAI SARRIUGARTE

SPRI taldeak 400 Global Trainning Beka eskainiko ditu EAEn, gazteek atzerrian enpresa praktikak egiteko aukera izan dezaten. Deialdi hau Basque Trade and Investment Nazioartekotze Euskal Agentziaren bitartez egin dute. Diru-laguntza honek gazteen nazioarteko mugikortasuna sustatzea du helburu. Bertan parte-hartzeko ezinbestekoa da unibertsitateko tituluduna izatea edota Lanbide Heziketako goi gradua edukitzea. Aurtengo deialdirako 4, 12 milioi euro bideratu egingo dira.

Aurtengo edizioaren aurkezpen ekitaldia ostegunean, uztailak 11, burutu zuten Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean. Bertan Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen eta Azpiegituren sailburuak deialdi berri honen xehetasunak azaldu zituen. Sailburuak helarazi zuenez: «Euskadik hazten jarraitzeko behar duen talentua sortzeko ekintzen artean kokatzen da Global Trainning beken programa». Tapiak nabarmendu zuenez enpresek pertsona trebe eta prestatuak behar dituzte eta esperientzia honek Euskadiko gazteei etorkizunerako behar dituzten gaitasun eta ezagutzak bereganatzeko parada ezin hobea da.

Ekimen honek gazteei aukera ematen die atzerrian enpresa ezberdinetan prestakuntza profesionala jorratzeko. Beka hauen artean espezialitate ezberdinetako praktika profesionalak eskaintzen dira. Honen bitartez gazteek bertan barneratutako gaitasun eta ezagutzak Euskadira bueltan ekartzea oso garrantzitusa da.

Gutxienez sei eta gehienez hamabi hilabeteko egonaldiak dira. Onuradunek aurretiaz 40 orduko prestakuntza ikastaro bat jaso behar izaten dute. Emandako diru-laguntzarekin parte-hartzaileek sei hilabeteko ostatua eta euren mantenu gastuak kudeatu beharko dituzte. Jende guztiak laguntza berdina jasoko du. Gainera, bekak laguntza medikoa eta istripu eta bidaietarako asegurua bermatzen dizkie onuradunei.

400 beka hauek nazioarteko mugikortasuneko formakuntzan esperientzia duten zenbait erakundek kudeatzen dute. Erakunde hauei enpresa praktika hauen onuradunak bilatzea dagokie. Bekadunen bilaketa prozesu hau Euskal Nazioartekotze Agentziarekin elkarlanean egiten dute.

Hauexek dira hautaketa prozesuan esku hartzen duten erakundeak: Novia Salcedo Fundazioa (60), Euskal Ganberak (40), EHU (60), Deustuko eta Mondragon Unibertsitatea (60), Garapen eta Donostiako Sustapena (60), Hetel, Confebask eta Adegi (60) eta Ikaslan eta AFM (60).