https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Sopela Kosta Fest jaialdia irailaren 19tik 23ra ospatuko da

Zuriñe Hidalgo, Hesian taldeko abeslaria./E.C.
Zuriñe Hidalgo, Hesian taldeko abeslaria. / E.C.

Hesian eta El Canijo de Jerez musika taldeak izango dira jaialdiaren kartel-buruak

UNAI SARRIUGARTE

Irailaren 19tik 23ra bitartean Sopela Kosta Fest ospatuko da. Hesian eta El Canijo de Jerez musika taldeak izango dira jaialdiaren kartel-buruak. Festibalaren VI. edizioaren egitaraua 10 bakarlari eta musika taldek osatuko dute. Kontzertuak Sopelako udaletxeko plaza nagusian ospatuko dira.

Hesian talde nafarra izango da ostiraleko musika emanaldi garrantzitsuena. Musika banda horrek hamahiru urte daramatza Euskal Herriko oholtza ezberdinetan jotzen. Zuriñe Hidalgo egongo da abeslari lanetan eta euren azken diskoko abestiak kanta zaharrekin uztartuko dituzte. Halaber, Tachenko zaragozarren indie popa eta Nerabe donostiarren popa entzuteko aukera edukiko dute bisitariek. Natali taldeak eta Missisippi Queen and the Wet Dogs bilbotarren soulak osatuko du ostiral horretako eskaintza musikala.

Bestalde, larunbatean El Canijo de Jerez izango da kartel-burua. 12 urtetan Los Delinquentes taldearekin jotzen egon ondoren Marcos del Ojo Barroso bakarlari lanetan hasi zen. Copper taldearen mod-popak eta Nogen donostiarren folk-popaz gozatzeko aukera ere egongo da. Larry Bird laukote bilbotarrak eta Belako taldeko gitarrra jolearen proiektu paraleloak, Lukiek taldeak, itxiko dute aurtengo Sopela Kosta Fest jaialdiaren VI. edizioa.

Halaber, musikaz gaindi festibalak naturarekin eta surfarekin erlazionatutako doako hainbat jarduera eskainiko ditu: surf eta bodyboard ekitaldiak, skate ikuskizunak, kayak lasterketak etab. Gainera, euskal zirkuituko zenbait lehiaketa esanguratsu ospatuko dira.

Hori nahikoa ez balitz, aurtengo jardueren artean berritasun bat egongo da. Larunbat arratsaldean Euskadiko skate zirkuituaren lehiaketetako bat egingo da 'bowl' modalitatean. Proba hau Sopelako Arriatera hondartzan kokatuta dagoen skate-parkean egingo da.

Gainera, igande arratsaldean Silvia Serret skater profesionalak emakumeei bideratutako masterclass bat eskainiko du. Era berean, parkour hastapenerako tailerra ospatuko da. Tailer hau 10 urtetik 17ra bitarteko umeei joango da zuzendua.

Temas

Euskera