https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Soinu eta irudiak jasoko dituzte aste honetan Zazpi Kaleetan, Atlas Geo Poetikorako

Soinu eta irudiak jasoko dituzte aste honetan Zazpi Kaleetan, Atlas Geo Poetikorako
El Correo

Mixel Etxekopar zuberotar musikariak eta bere lagunek hilaren 9 eta 10ean egingo dituzte grabaketak. Eta 11n, Euskaltzaindiaren egoitzan, emaitza erakutsiko dute

AMALIA IBARGUTXI

Euskal Herriko Atlas Geo Poetikoa egitasmoaren barruan, hil honen 9 eta 10ean zubero-baxenafartar multzoa izango da Bilboko Zazpi kaleetan, bertakoen soinuak grabatzen eta lagun horiei argazkiak egiten. Jarraian, 11n, ostirala, jasotako soinu eta irudien emanalditxo bat eskainiko dute, Euskaltzaindiak Plaza Barrian daukan aretoan, 19:00etan.

Gotainen jaiotako Mixel Etxekopar zuberotar musikari eta kantaria da ekimen honen sustatzaile nagusia. Mauleko Hebentik elkartearen bitartez gauzatu ohi du proiektua. Beste kideak hauek dira: Jean Christian Galtxetaburu musikaria (Gamarte, Behe Nafarroa); Pierre Vissler soinu grabatzaile eta moldatzailea (Montori, Zuberoa); Joanes Etxebarria argazkilaria (Barkoxe, Zuberoa) eta Patxi Laskarai (Ortzaize, Behe Nafarroa).

Helburua da Euskal Herriko hainbat tokitako soinu eta irudiak jasotzea. Honela azaldu dute beren lan egiteko era: «Euskal Herrietan zehar kurritzea, ibilera berdinarekin herri bakoitzean, hiru egunez gutxigorabehera. Egun bat edo bi herrian iragan, soinu eta argazki biltzen, leku eta jende desberdinekin mintzatuz. Muntaketa bat egin (audio eta argazki). Emanaldi bat herrian eskaini, emaitza erakatsiz, eta gure kantu-hitz eta soinuekin nahasiz. Emanaldi horretarako herritar bat izan daiteke gomit emanaldian parte hartzeko (kantari, olerkari, kontalari….)».

Lehenengo saioak Ipar Euskal Herrian egin zituzten. Lehen-lehena, Baxe Nafarroako Pagola herrixkan, 2012ko abenduan. Bigarrena, 2013ko ekainean, bi estatuen arteko mugan: Arnegi-Luzaiden; eta urte hartan baita ere, Usurbil-Aginagan.

Hendaia, Barkoxe, Iruñea eta Berako saioak etorri ziren gero, eta material haiekin guztiekin 2016an lehen Atlas Geo Poetikoa argitaratu zuten.

Ondoren, Senpere, Arano, Gamarte eta Otxandiotik pasatu dira artistok, eta laster Bilboko Zazpi Kaleetan ariko dira.

Temas

Euskera