Sindromea
Ahalmen hori du. Bizi berri bati hasiera ematekoa. Jakin gabe ere bai
Ana Urkiza
Larunbata, 11 urria 2025, 22:27
Irudikatu emakume bat. Zeuk pentsatu ze adin daukan. Zeuk pentsatu zein nazionalitatekoa den. Baliabideak dituen edo ez. Ikasketak dituenentz. Seme-alabarik ba ote duen dagoeneko. Bikotea…
Irudikatu ezazu emakumea itxarongelan. Zain.
Duela pare bat aste, haurdun dagoela jakin zuen. 10 asteko dago. Zeuk pentsatu nola eta zergatik geratu den haurdun: neurririk ez du hartu, neurriek huts egin dute, bortxatua izan da…
Argi dagoena da irudikatzen duzun emakume horrek ez duela aukeratu haurdun geratzea. Ez duela pentsatu ama izateaz. Ez daukala baliabiderik, edo bai. Irudikatu ezazu bikotearekin edo harreman sexualak izandako gizonarekin hizketan.
Emakumeak abortatzea erabaki du. Horregatik dago itxaron-gelan. Medikuarenean. Asko pentsatu du egunotan. Azken hamar asteotako bere bizitza goitik behera aztertu du. Zer egin duen, zer pentsatu, zer sentitu. Bere barruan bizitza berri bati hasiera ematen aritu den bitartean, nahiz eta kontziente ez izan. Ahalmen hori du. Bizi berri bati hasiera ematekoa. Jakin gabe ere bai.
Zergatik galderari askotan erantzun dio. Zergatik hartu behar duen eskatu ez duen erabaki bat. Zer ikasi behar duen erabaki hori hartzearekin. Bi aste gelditzen zaizkio abortatzeko.
Konturatu da ez dela ikasgai bat. Ez duela ezer demostratu behar. Erabakitzea dagokiola.
Begiak itxi eta arnasa hartu du. Sekula tronpatzen ez den leku horretatik. Eme egiten duen tripatik. Ez du zer esaten dioten entzun nahi. Sentitzean jarriko du arreta. Abortatzea erabaki du. Zuk jarri arrazoiak.
Bakarrik dago itxarongelan. Bere eskubidea gauzatu bidean. Bere bizitzaren norabidea aukeratzen, edo nahi ez duen norabidea ekiditen. Eta indartsu sentitzen da. Sortzeko bezain besteko ahalmena daukalako bere bizitza gobernatzeko. Berak bakarrik. Beste inoren premiarik gabe. Medikuarenean. Zain.
Orain, irudikatu, itxarongelan erizain bat sartzen dela eta informazio-orri bat ematen diola emakumeari. Zuk jakiteko: «Zure seme-alabaren bizitzarekin amaitzeak ondorio larriak ditu amarentzat, aitarentzat eta, oro har, gizartearentzat. Abortuaren osteko sindromea izan dezakezu, depresioa, antsietatea, lo egin ezina, alkohola eta drogak kontsumitzeko joera, pentsamendu suizidak edo eta plazer sexuala galtzea».
Irudikatu, orain, informazio-paper hori irakurri duen emakumea. Zuk irudikatu duzun adinarekin, nazionalitatearekin, baliabideekin, bizi proiektuarekin… Irudikatu papera birrintzen. Irudikatu salaketa jartzen esku-sartze gehiegizkoagatik.