https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

300 sinbolo frankista erretiratu dituzte Nafarroan

300 sinbolo frankista erretiratu dituzte Nafarroan

«Espazio publikoa demokratizatzeko» lanen baitan kendu dituzte ohorezko aipamen, kale-izen edota bestelako izendapenak

AMALIA IBARGUTXI

Nafarroako Gobernua duela hiru urte hasi zen lurraldeko sinbolo eta ohorezko aipamenak ezabatzen. Horrela, 2016. urtetik, 300dik gora sinbolo frankista erretiratu dituzte. Orduan sortu zuten sinbologia frankistaren errolda. Bertan zerrendatu zituzten 224 sinbolo eta 78 ohorezko aipamen, kale-izen edota bestelako izendapenak. Geroztik ere, beste 160 sinbolo eta aipamen inguru erretiratu dituzte. Guztira, 460 inguru dira.

Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak 'errolda bizia' dela nabarmendu du, eta hain zuzen, horregatik, aldakorra dela kendutako sinboloen zifra. Gaineratu du, Bakea eta Bizikidetza sailak tokiko erakundeetara bideratutako diru-laguntzek bere gain hartzen dituztela «espazio publikoa demokratizatzeko» ekintza hauek, «Gobernuak ardatz duelako sinbologia erretiratzea».

Alvaro Baraibar, Bakea, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiarekin batera eman ditu zifrak Ollok. Pozik agertu dira burututako lanarekin, nahiz eta badagoen lanik egiteke. Hasteko, zerrendatutako pieza eta aipamen horietatik 91 ez dituzte kendu oraindik.

Zehazki, 350 ereinozdun plaketatik -gurutze ereinozduna Espainiako armadaren saria da, eta Francisco Franco diktadoreak banatu zituen ugari- 234 erretiratu dituzte, eta 32 prozesuan daude; 112 ohorezko aipamenetatik, 75 kendu dituzte, eta 16 kentzeko prozesuan dira.

Halaber, lanean jarraituko dutela adierazi du Baraibarrek, eta gogorarazi dute, tokian tokiko udalen esku dagoela sinbologia frankista kentzea, nahiz eta laguntza publikoek ere baliatu ditzaketen prozesu horretarako. Erretiratutako objektu eta sinboloak,zein erretiratze-prozesuaren bilakaera eta egoera, ikusgai izango dira argazki eta mapaz osatutako erakusketa didaktikoan,Iruñean.