https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Sick of It All, Good Riddance eta Blowfuse taldeen kontzertua, ostegunean, Jimmy Jazzen

Sick of It All taldeko kideak./
Sick of It All taldeko kideak.

Punk rockaz eta harcore punkez gozatzeko gaua izango da

PAUL PICADO

Punk rocka edo harcore punka gustukoak badituzu, Sick of It All, Good Riddance eta Blowfuse taldeek horietaz gozatzeko aukera izango duzu ostegunean, izan ere, Jimmy Jazz aretoan arituko dira. Aretoko ateak 20:00etan irekiko dituzte, baina oraindik ez dute adierazi kontzertua zer ordutan hasiko den. Sarrerak Interneten (22 euro, kudeaketa-gastuak barne hartuta) edo leihatilan (25 euro) eros daitezke.

Sick ot It All, berez, 1984. urtean New Yorken sortutako hardcore punk taldea da. 1986. urtean beste kide bat sartu eta lehen demoa grabatu zuten. Lehen lan luzea 1989. urtean kaleratu zuten, 'Blood, Sweat and No Tears' izenekoa. 1992. urtean bigarren lana plazaratu zuten eta 1993an hasi ziren arrakasta handiagoa izaten, 'Scratch the Surface' izeneko bildumari esker batik bat. Hain zuzen ere, disko horrek lortutako arrakastari esker, mundu osotik bira eman zuten. 2016. urtean, taldearen 30. urteurrena zela eta, 'When The Smoke Clears' izeneko bilduma kaleratu zuen. Hor, bost abesti berri eta taldearen antzinako eta gaur egungo argazkiak agertzen ziren.

Goof Riddance Kaliforniako punk rock taldea dugu. 1986. urtean sortu zen, baina zazpi lan kaleratu ondoren, 2007. urtean taldea desegin zen. Hardcore punka eta punk rocka bateratzen dituzte, eta abestietan politikaz, gizarte estatubatuarraz eta norberaren borrokaz hitz egiten dute. 2015. urtean taldea berriro elkartu zen eta 'Peace in our time' diskoa grabatu zuten. Gaur egun, bira ematen ari dira eta Gasteizen beste geldialdi bat dute.

Blowfuse, Bartzelonan, 2013. urtean sortu zen punk rock taldea da. Horren aurretik, taldeko kideek Godfarts izeneko taldea sortu zuten 2007. urtean, musika-tresnak ia hasieratik jotzen ikasi eta gero. Lehen lana 2010ean grabatu zuten, eta horri esker, Estatutik zenbait bira eman zituzten; Europatik ere lehen bira eman zuten. 2013. urtean bigarren diskoa kaleratzera zihoazela, taldeari izena aldatu zioten, eta gaur egungo Blowfuse izena hartu zuten. Harrezkero, hainbat kontzertu eman dituzte Europatik zehar, eta Estatu Batuetan ere lehen aldiz jo dute. Aurten, otsailean, azken lana kaleratu dute, 'Daily Ritual' izenekoa, euskarri fisiko eta digitalean.

Temas

Euskera