https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Sestaoko udaltzaingoek segurtasun neurri bereziak hartuko dituzte Gabonetan

Honela lapurretak saihestu eta piroteknia materiala zein adingabeentzako alkohol salmenta kontrolpean mantenduko dituzte

IZASKUN MOYANO

Ostiral honetan Gabonetako oporrak hartzen dituzte umeek eta baita nagusi askok ere. Ondorioz, kalean ikus daitekeen pertsona kopuruak nabarmen egingo du gora, eta istilu gehiago sor daitezke. Gerta daitekeena ekiditeko asmoz, Sestaoko Udalak segurtasun neurri berriak hartu ditu herrian. Udaltzaingoen dispositibo berria martxan da jada.

Datozen aste bietan, hots, ostiral honetatik, Errege Eguna pasatu arte udaltzain gehiago ikusiko dira udalerriko kaleetan zehar. Hauek helburu jakina dute. Alde batetik, gune komertzialetan lapurretak saihestu nahi dituzte, eta bestetik piroteknia materiala edota adingabekoentzako alkohol salmenta aise kontrolatzeko xedea bete nahi dute saltoki eta ostalaritza establezimenduetan.

Neurri berriok hartu baino lehen Udaltzaingoak bilera bat antolatu du Sestaoko Merkatarien Elkartearekin. Han segurtasun dispositibo honen azalpen sakona eman dute. Adibidez, saltokien gune garrantzitsuenetan oinezko patruilak indartuko dituztela aditzera eman dute, egun hauetan dagoen jende kopurua handia dela medio. Era honetan, balizko lapurretak edota ebasketak kontrolpean mantendu ahal izango dituzte.

Bestalde, saltzaile zein merkatariei, bezeroren baten portaera susmagarria iruditu, zein ordainketa burutzeko dirua edota billeteak iruzurrezkoak direla pentsatuz gero, udaltzainei jarraian abisua emateko aholkatu die. Honela, dispositibo berri honetaz baliatuz, edozein ekintza oker burutzen duen herritarra aise harrapatzeko aukera izango dute.

Horrez gain, udaltzaingoek, udalerrian Gabon jaietan antolatuko diren kultura eta kirol ekitaldietan ere zaintza berezia egingo du. Eginkizun honetarako, ezinbestekoa izango da Babes Zibileko boluntarioen laguntza.

Piroteknia materialaren salmentari dagokionean, Udaltzaingoak saltokiei gogorarazi nahi die artikulu hauek saltzeko ezinbesteko baldintza dela Gobernuaren Bizkaiko Ordezkaritzaren baimena izan behar duela eta ezin dela artikulu solterik saldu. Piroteknia materialaren erabilerari dagokionez, gogorarazi Sestaon debekatuta dagoela petardoak botatzea.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos