https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Sestaoko Ertzaintzak bertan lan egin duten 30 ertzain eta langile omendu ditu

Ekitaldian hildako ertzainen omenezko plaka desestali zuten Gernikako arbolaren Ertzain-etxeko kimuaren ondoan

ELCORREO.COM

Sestaoko Ertzain-etxearen inaugurazioaren XXV. urteurreneko ekitaldietan izan zen atzo Segurtasuneko sailburu den Estefanía Beltrán de Heredia, beste hainbat polizia-agintari, Segurtasun Saileko kargudun batzuk eta mugapeko (Sestao, Barakaldo eta Trapagaran) alkateekin batera. Izan ere, Sestaoko Ertzain-etxearen urteurrena dela eta, hainbat ekintza antolatu dira irailean eta urrian Bizkaiko polizia-etxe horrek 25 urte bete dituela ospatzeko.

Ekintza nagusia atzo egin zen Sestaoko Ertzaintzaren egoitzan. Vicente Arcenillas unitate-buruak ongi etorria emateko hitz batzuk esan ondoren eta txistulariek 'Agur Jaunak' jotzen zuten bitartean, Segurtasuneko sailburuak urte hauetan hildako ertzainen omenez jarritako plaka desestali zuen Ertzain-etxeko haritzaren, Gernikako Arbolaren kimuaren, ondoan, Ertzaintzako agintariek eta Sestaoko ertzainen senitartekoek lagunduta.

Sestaoko Ertzain-etxeko langileek mende laurden honetan egindako lana errekonozitu zuen unitate-buruak ekitaldian, eta komisarian egunero eta etengabe egiten den lana ere balioetsi zuen ere bai. Gainera, gaur egun Bizkaiko polizia-etxe honetan lan egiten duten pertsona guztiei eta bakoitzari ere helarazi nahi izan zien omenaldia. Ertzaintzak eta Sestaoko Ertzain-etxeak mugapeko gizartearen aldetik lortu duten errekonozimendua azpimarratu zuen Arcenillasek bere esku-hartzean, eta bide horretan lanean jarraitzearen aldeko apustua egin zuen, bertako langileak eta instalazioak mantenduta eta ibilgailuen parkea berrituta.

Diplomak

Sestaoko Ertzain-etxearen 25. urteurrena ospatzeko ekitaldiaren baitan diplomak eman zitzaizkien egoitza abian jarri zenetik bertan lan egin duten hogeita hamarren bat ertzain eta langileri.

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak bere esku-hartzean adierazi zuen Sestaoko Ertzain-etxea erreferentziako unitatea dela Sailarentzat eta Ertzaintzarentzat, eta, erakunde gisa, une bakoitzean segurtasun publikoan eragina duten egoeretara moldatzea egokitzen zaiola, zailtasunei aurre eginez eta aukera berriei erantzunez.

Alde horretatik, honako hau azpimarratu eta gogoratu zien bertan zeudenei: «Hain zuzen ere, egun hauetan odol berritu da unitatearen eguneroko jarduna Ertzaintzaren oinarrizko eskalako funtzionario izendatu berriekin, XXV. promozioko agenteekin, alegia. Lor ezazue zuen Ertzain-etxekoak izateaz harro egon daitezen. Ikas dezatela zuengandik zer esan nahi duen Barakaldoko, Sestaoko eta Trapagarango alkateek gaur hemen ordezkatzen duten gizarteari zerbitzatzeak. Kudeaketan gardenak, gertukoak eta komunikatiboak eta, batez ere, eraginkorrak garela sentitu behar dute. Belaunaldi berriek xurga ditzatela balio horiek, urte hauetan guztietan zuen funtsa izan diren balio horiek».

Azkenik, omenaldia izan zuten agenteek taldeko argazkia atera zuten Segurtasuneko sailburuaren eta unitate-buruaren ondoan. 25. urteurreneko ekitaldian Sestaoko Ertzain-etxearen mugapeko udaletako agintari gorenak ere izan ziren: Sestaoko Josu Bergara, Barakaldoko Amaia del Campo eta Trapagarango Xabier Cuellar.