https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Selfie' bat egiteko lagunak eros daitezke Japonian

Japoniar batzuk selfie bat egiten. /Kim Kyung Hoon
Japoniar batzuk selfie bat egiten. / Kim Kyung Hoon

60 euroren truke gezurrezko bikotekidea, familia edota koadrilarekin argazkia ateratzeko aukera izango dute

IZASKUN MOYANO

Garai honetan sare sozialek izugarrizko garrantzia hartu dute. Momentuak zentzu guztietan bizitzeari uko eginda, gainontzekoen aurrean norbanakoaren egunerokotasuna zein interesgarria den erakusteko tresna bilakatu dira. Hain dira baliotsuak 'like' horiek non sinestezinak diruditen neurriak hartzera eramaten dituzten herritarrak. Azkena? 60 euro ordainduta 'selfie'-otan ateratzeko lagunak eskuratzea. Hori da moda behintzat Japonian.

Horrez gain, bikotekide faltsuak 'kontratatu' egiten dituzte hitzordu berezietara laguntzeko, edota gezurrezko senideak jai sozial baterako. Gero eta gehiago dira zerbitzuotara jotzen duten japoniarrak, eta duela hamar urte negozio bihurtu zuen Yuichi Ishii-k, ezkongabea eta ama zen lagun baten bikotekide gisa aritu zenean, honek bere semea Tokioko haurtzaindegi batera sartzeko burutu behar zuen elkarrizketan. Familia monoparentalak ez onartzea ez zitzaion bidezkoa iruditu, eta honi aurka egiteko sortu zuen negozioa.

Geroago, jaietan jendea batu eta gonbidatu faltsu gisa erabiltzen hasi zen. Une horretan, hain zuzen ere, erabaki zuen Ishiik negozioa profesional bilakatzea. Honetarako, bere burua eta bere zerbitzuak sare sozialen bidez promozionatu eta arrakasta handia lortu du. Izan ere, egun 1,200 langile 'aktore' ditu. Bertan lagunak, gurasoak, bikotekideak, semeak edota lankideak alokatu daitezke orduko.

'Family Romance' izena daraman negozio honetan diharduten langileek edozein 'pertsonaia interpretatzeko' esperientzia handia dute. Gainera, bezeroak hauen fisikoa edota izaeraren araberako hautaketak egin ditzake. Halaber, jolas parkeetan ordu batzuk igarotzeko, korrika egiteko, hileta batera joateko, karaokean abesteko zein bezeroaren kexak entzuteko lagunak ere kontratatu daitezke. Baina ohikoena eta modan dagoena 'selfie'-ak egiteko kideak alokatzea da, ondoren sare sozialetan irudiok partekatuz. Aktore hauek 60 euroren truke eskura daitezke, eta hilabetean gutxienez 50 eskakizun izatez dituzte.

«Herritar batek bere irudia edota marka eraiki nahi du sare sozialen bidez, eta guk laguntza ematen diogu posatzen dakiten kide eder eta estilodunak eskainiz», baieztatu du Ishiik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos